Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bilaketa lupa Bertsoeskolak Bertsoeskolak

18. klasea

URRATSA 1 / IKASTURTEA 1
Puntuari bat-batean erantzuteko pausoa emango dugu, aurrez oina emanda. Horretarako, "Ikusi nuanean" doinua ikasiko dugu

Puntuari punpa laster erantzun, oina emanda 

Hasteko, bideoz ikusiko dugu ereduzko bertsoaldia: "Galdera erantzunetan, sukaldaria eta kritiko gastronomikoa". Egañak, gastronomiako kritikariak, galderak egingo dizkio Lizaso txefari, ea jatetxean dena punttuan eta tajuz duen. "Ikusi nuanean" doinuan entzungo ditugu, puntu erantzunetan: Egañak galdetu, Lizasok erantzun, erritmoa eten gabe!

Gero doinu horretan ariko gara gu ere, bertsolarien jolas berbera egiten:

  • "Elikadura osasuntsua" karta jokoak lagunduta, puntuari punpa laster erantzutea izango da gure erronka. Gure erantzuna sortzeko, oina emango zaigu. Horretarako, kartekin horrela antolatu gaitezke: karta bi lagunen tartean jarriko dugu. Batak puntua abestuko du (kartaren barruko aldea bere alderantz jarrita) eta bitartean, beste lagunak, kartaren atzeko aldean oina izango du bistan (horixe baliatu dezake, erantzuteko). 
  • "Tutti Frutti" jolasa egingo dugu gero, karta jokoaz. Mahai gainean, frutak dituzten kartak bistaratuko ditugu. Kide batek, puntuak jarriko ditu (puntuak dituzten karta multzoak eskutan hartuta): ea lagunek asmatzen duten, mahaian bistan ditugun fruten artean, zeini buruz ari den. Erantzun zuzenak errimatu egiten du. Zein fruta den esanaz, bigarren puntua abestea izango da gure lana. Erantzuna zuzena bada, fruta hori guretzat... Ea nork lortzen dituen karta gehien! 

Baliabideak

1
Andoni gastronomiako kritikaria da. Sebastianen jatetxera sartu, bazter guztiak miatu eta galdezka hasiko zaio Sebastiani, zorrotz... Ez dago ixilik egoteko txefa! Ikusi nuanean doinuan, galdera erantzunetan egindako saio ederra.
2
Karta jokoa. Jateko ohituren inguruan ariko gara, kopla txikian, puntuari erantzuten. Batak puntua abestuko du eta besteak erantzun, bat-batean. Horretarako, karta bien tartean jarriko dugu. Atzeko aldean oina ematen zaigu: puntua erantzuteko horixe erabili genezake!
3
Karta jokoaz ariko gara. Mahai gainean fruten marrazkiak dituzten kartak jarriko ditugu, bistan. Gainerako kartetan, aldiro puntua jarriko zaigu, fruta baten pista emanaz; guk, zein fruta den topatu beharko dugu irudien artean. Adi! Erantzun zuzenak (fruta izenak) errimatu egiten du-eta! Karta eskuratzeko, puntua erantzun beharko dugu (fruta izena oin gisa erabiliz).