Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bilaketa lupa Bertsoeskolak Bertsoeskolak

1. klasea

URRATSA 1 / IKASTURTEA 1
Esaldiak, esaera zaharrak eta zirtoak moldatzen ariko gara.

Hitz batetik esaldia sortzen

Horretarako "Errima kartak" erabiliko ditugu: karta multzotik, aldiro karta bat atera eta egokitu zaigun hitzarekin, esaldi bat sortuko dugu, bat-batean. 

 

Hitza esaldiaren amaieran jartzen

"Errima kartak" erabiltzen segiko dugu, baina oraingoan egokitu zaigun hitza esaldiaren amaieran jarri beharko dugu (esaldia berrantolatuz, hitza oin gisa baliatzeko).

 

Esaera zaharrak osatzen

Ikasi dugu oina esaldiaren amaieran jartzen. Beraz, orain, bi esaldi errimatu lotzen ariko gara, esaera zaharrak sortzeko.

"Esaera zaharrak osatzen" txartelak hartuko ditugu. Txartel bakoitzean esaldi bat emango zaigu eta gure egitekoa errimatzen duen esaldia identifikatzea izango da, bi txartel lotuz, esaera zaharra osatzeko. Behin esaerak osatuta, ea gai garen bakoitzaren esanahia azaltzeko: zein egoeratan erabiliko genuke, esaera bakoitza?

 

Zirtoak osatzen

Bukatzeko, zirtoak zer diren ikasiko dugu:

  • Lehenik, zirto zaharren ereduak bideoan ikusiko ditugu: Pello Errota eta Mikela Elizegi bertsolariak, apartak ziren zirtotan ere. Goza dezagun euren erantzun errimatuekin! 
  • Guk ere gure zirto elkarrizketa sortuko dugu, "Zirto komikia" txartelekin. Egoera hauxe emango zaigu, elkarrizketa errimatua sortzeko: Komunaren barruan gaude, lasai eserita, denbora luzean. Laguna txisa larrituta etorri da eta ate joka hasi zaigu. Aldiro, lagunak esaldi bat botako digu; guk errimatuz erantzun egin beharko diogu. Txartelean emango zaigu guk zer erantzun behar diogun, baina errimatzeko moduan berrantolatu beharko dugu esaldia: errimatzen duen hitza, esaldi amaieran jarriz! Zirtoak osatu ditugunean, abestu ere egin genitzake: esaldiek kopla txikiko neurria dute-eta! Bukatzeko, zortziko txikian ere abestu genitzake: erabaki dezagun, horretarako, lau esaldiak (edo "puntuak") zein ordenatan antolatu...

Baliabideak

1
Karta jokoaz ariko gara. Karta bakoitzean hitz bat dator, irudiaz. Aldiro karta bat hartuko dugu: egokitu zaigun hitza baliatuz, esaldia asmatuko dugu ahoz, bat-batean.
2
Karta jokoaz ariko gara. Karta bakoitzean hitz bat dator, irudiaz. Aldiro karta bat hartuko dugu: egokitu zaigun hitza baliatuz, esaldia asmatuko dugu ahoz, bat-batean. Baina baldintza bat dago: hitz hori esaldiaren amaieran jarri behar dugu (oin gisa).
3
Esaldiak nahas-mahasean jarriko ditugu mahai gainean. Bi esaldi lotuz, esaera zaharrak osatuko ditugu: adi errimari eta zentzuari! Esaerak osatutakoan, mezua ulertzeari tartea emango diogu: zer da esaera zahar horrek esan nahi duena? Pentsa dezagun esaera zahar horri ondo doakion egoera bat!
4
Ikas dezagun zer diren zirtoak. Horretarako, zer hoberik zirto zaharrekin gozatzea baino! Hara hemen Pello Errotaren zirtoak, bideoan.
5
Ikas dezagun zer diren zirtoak. Horretarako, zer hoberik zirto zaharrekin gozatzea baino! Hara hemen Mikela Elizegiren zirtoak, bideoan.
6
Goizean, ohetik jaiki berritan, komunean eseri gara lasai. Baina atea kas-kas jo digute, azkar amaitzeko esanaz… Eman ditzagun gure erantzunak, zirtoka! Horretarako, aldiro txarteletako hitzak berrantolatu beharko ditugu, gure erantzunak errimatu dezan. Zirtoak osatu ditugunean, abestu ere egin genitzake: esaldiek kopla txikiko neurria dute-eta! Bukatzeko, zortziko txikian ere abestu genitzake: erabaki dezagun, horretarako, lau esaldiak (edo "puntuak") zein ordenatan antolatu...