Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bilaketa lupa Bertsoeskolak Bertsoeskolak

30. klasea

URRATSA 1 / IKASTURTEA 1
Atzekoei kantari ariko gara, atzekoek erantzunez, koplatan. Orain arte ikasitako doinu guztiak errepasatuko ditugu.

Atzekoei kantari, koplatan

Hasteko, bideoz ikusiko dugu ereduzko bertsoaldia: "Sukaldaria atzekoei neurriko platera asmatzen".

Gero, bertsolariek bezalaxe, guk ere atzekoei kantari jardungo dugu (2 oinak emanda), eta atzekoek erantzuna sortu beharko dute (eurek nahi dituzten 2 oin papertxoan idatziz). Horretarako 3 fitxa hauek baliatuko ditugu:

  •  "Atzekoei kantari" fitxan, bi egoera emango zaizkigu: patata tortilla txapelketan, bata epailea izango da eta atzekoak sukaldariak. Azterketan, bata irakaslea izango da eta atzekoak ikasle tranpatiak.
  •  "Atzekoei kantari, atzekoei rola emanda" fitxan, bata irakaslea izango da eta atzeko bakoitza, izaera berezidun ikaslea izango da: ikasle lotsatia, ikasle despistatua, pailazoa, ikastuna, guaia, sasijakintsua.  
  • "Atzekoei kantari: zertan da ona?" fitxaz, taldean harreman onak sustatuko ditugu. Aldiro, talde osoak kide bati botako diogu kopla, zertan den ona esanaz. Kopla guztiak entzunda, lagun horrek gero bere erantzuna emango du. Ondoren txanda, beste kide bati botaz lore-koplak, taldekide denei koplak eskaini arte.

Aldiro, hauta dezagun zer doinutan ariko garen: errepasatu dezagun zein kopla doinu ikasi ditugun! Gai bakoitzerako gustukoena dugun doinua hautatuko dugu.

Baliabideak

1
Jon Maia sukaldari ospetsua da, eta bezero bakoitzari bere izaeraren araberako platera asmatzen dio. Gustatuko ote zaie?
2
Atzekoei kantatzeko ariketa egingo dugu, bat-batean. Horretarako gaia emango zaigu eta atzeko bakoitzari kopla bana botatzeko 2 oinak ere emango zaizkigu. Gero, atzekoek erantzun egin beharko dute beste kopla banarekin; atzekoek, nahi badute, euren erantzuneko kopla sortzeko, erabiliko dituzten 2 oinak papertxo batean idatzi ditzakete.
3
Gutako bat irakaslea izango da eta, atzeko bertsolariak, bere ikasleak izango dira. Irakasleak gelako ordezkaria hautatu behar du, atzeko ikasleen artean. Ikasle bakoitzak bere izaera berezia du (atzeko bertsolari bakoitzari bere rola zehaztuko zaio): ikasle lotsatia, despistatua, pailazoa, ikastuna, guaia, sasijakintsua. Irakasleak atzeko ikasle bakoitzari kopla botako dio, ordezkari hautatuko duen ala ez esanez; horretarako 2 oinak izango ditu eskura. Gero, atzeko ikasle bakoitzak bere erantzuna botako du, kopla sortzeko bere 2 oinak papertxoan idatziz.
4
Aldiro, talde osoak kide bati botako diogu kopla: lagun hori zertan den ona esanaz. Kopla denak entzuten dituenean, bere erantzuna botako digu. Ondoren, taldeko beste kide bati botako diogu denok kopla. Horrela, txandan txandan, kide denok guri buruzko koplak entzun eta gure erantzuna bota arte. Horretarako, aukeran emango zaizkigu oin bikoteak.