Puntutan errimatu gabe: adi neurriari!
Lehenik bertsolariak ikusiko ditugu bat-batean, gai jartzaileak jarritako erronkak egiten. Eta ondoren, geuk egingo ditugu gure artean lehiaketa berberak. Jolasteko prest?
- "Habanera doinuan, ahalik eta hitz gehien sartzen" bideoa ikusiko dugu. Gai jartzaileak tematika bat emango die (esaterako, "txakur arrazak") eta, bikoteka puntutan, gai horri buruzko ahalik eta hitz gehien esan beharko dituzte. Nork irabaziko duela uste duzue: Lizaso-Egaña bikoteak edo Iguaran-Lujanbio bikoteak?
- Ondoren geuk egingo dugu jolas berbera: "gaiaz nork hitz gehiago esan". Tematika bat emango zaigu eta guk gai horri buruzko ahalik eta hitz gehien esango ditugu. Horretarako kopletan puntuka ariko gara, eta errimatu gabe: "Solozabalen gaia" doinuaz.
- "Habaneran nork hitz gehiago esan eta memorizatu" bideoan, hare eta froga zailagoa ikusiko dugu: honetan ere, jolasaren lehen zatian, gaiari buruzko ahalik eta hitz gehien esango dituzte. Baina gainera, bitartean, beste bikoteak abesten duena memorizatzen ariko da bertsolari bat, eta ondoren berak errepikatu beharko du bertsoa, besteek abestu bezalaxe.
- Ondoren geuk egingo dugu lehiaketa berbera: "Kopletan nork hitz gehiago esan eta besteena memorizatzen". Bikoteka jarriko gara. Bikote bati tematika bat emango zaio eta gaiari buruzko ahalik eta hitz gehien sartzen, kopla bota beharko dute: puntutan eta errimatu gabe. Bitartean, beste bikotea saiatuko da kopla hori entzun ahala memorizatzen; eta ea gai diren atzetik abesteko kopla berbera, bi lagunen artean (bakoitzak puntu bat gogoan hartuz).
- Bukatzeko, eta "Solozabalen gaia" doinuan segiz, neurria lantzeko ariketak egingo ditugu: "Ikasturte hasiera" eta "Gaixo nago" fitxetan, hankaluze/hankamotzak saihestu beharko ditugu, neurriz egoki datorren esaldia hautatuz.