Ene Lukas maitea
zer bihotza duzun
gutaz arta hartzeko
izanik hoin urrun
beldurtzeko da Euskal
Herrian ez dugun
zu bezalakotarik
bi miletan ehun.
Bertsoaren berri
“Lukas adixkideari” sorta, eskerrak emateko jarri zuen Xalbadorrek. “Odolaren mintzoa” liburuan (1976) azaltzen duenez, Lukas Urepeleko herritar bat zen, Ameriketara gazterik joana. Azken aldera bixita batzuk egin zituen Urepelera eta bertsozale beroa zen: Mattin ere ekar arazi izan zuen Urepelera, Xalbadorrekin kanta zezan. Behin, egonaldi baten ostean, Lukasek Amerikatik dirua igorri zion erretoreari, apaiz etxean bazkaria egin zezaten lau lagunek (tartean zen Xalbador); bazkaldu soilik ez, afaldu arte ez ziren atera apaizarenetik! Lukasi eskerrak bidaltzeko, bertsoak jar zitzala eskatu zioten lagunek Xalbadorri.