Ari naizela ari naizela
hor ikusten det Txirrita
eta zein ez da harrituko gaur
gizon hori ikusita
dudarik gabe egina dio
andregaiari bisita
oso dotore etorri zaigu
bi alkandora jantzita.
Bertsoaren berri
“Pello Errota” tabernan dela, hor sartu da “Txirrita” (1860 Ereñotzu – 1936 Altza, Gipuzkoa). Kantulagun minak dira biak eta, adarra jotzen, halaxe bota dio lehen bertsoa Pellok. Ezaguna da Txirritak emandako erantzuna ere: “Pellok bi nola jantziko ditu bat besterikan ez du-ta”.