Beste bateko inularretan
maite ohi nun itsasoa
arraiz beteta azaldutzean
txalupak mugan lepoa
arrantzalea nuen senarra
arrantzalea gaxoa
itsas gaizto horrek irentsi didak
gaur diat nik gorrotoa (bis).
Bertsoaren berri
Bertso honen egilea: Salbatore Mitxelena (1919 Zarautz, Gipuzkoa – 1965 Suitza).
“Alargunarena” sortan azaltzen da senar arrantzalea itsasoan galdu duen alargunaren mina. Bitartean, alabatxoa egunsentiz mendira igotzen da, itsasora begira egoteko, aita noiz itzuliko zain. Ama ez da ausartzen alabari egia esatera. Kantua ezagun egin zuten, herriz herri kantari, Ondarroako “Argoitia anaiek”, 1970 inguruan.