Espainian behera

han dago Zamora

basamortu hoberik

nonbait izango da.

Ez mendi ez itsaso

ez belar ez lora

hementxe bizi behar

hainbeste denbora

hain maite dugun Euskal

Herritik kanpora.

 

Doinuaren berri

Doinua eibartar batzuengandik jaso zuen Amurizak, “Agur sagar beltzeran” liburuan dionez. Eibartarrek doinu honetan abesten zuten Bilintxen “Potajiarenak” sorta (“Egunaren izena” doinuaren ordez).

 

Bertsoaren berri

“Bertso berriak horma zaharrei jarriak” sortakoa da bertsoa; 1972an idatzi zuen, kartzelako berri emanez (artean apaiza zela). Izan ere 1968tik aurrera, Francoren diktadura garaian, zazpi urte egin zituen preso Amurizak, hiru espetxealditan.  Gerora, sorta hau “Menditik mundura” kasetean ere zabaldu zuen (1978).