Aita izena kanta beharrak
jarri dit bihotza bero
aukera eder hau izango zenik
ez nuen hemen espero;
preso nengoen Zamoran eta
han gelditu ia ero
joan nintzen ta bertan nengola
aita hil zitzaidan gero
nahiago nuke edozer baino
hemen bizirik balego (bis).
Doinuaren eta bertsoaren berri
Doinuaren sortzailea eta bertso honen egilea: Xabier Amuriza (1941 Etxano, Bizkaia).
1980ko Txapelketa Nagusian bakarka hiru bertso kantatzeko gai hau jarri zioten Amurizari: Aita. Xabierrek aita hila zuen, bera Zamorako kartzelan zegoen bitartean; zazpi urte egin zituen preso, hiru espetxealditan, Francoren diktadura garaian (1968tik aurrera). Amurizak irabazi zuen 1980ko Txapelketa Nagusi hura eta baita 1982koa ere.