Izarren hautsa egun batean

bilakatu zen bizigai,

hauts hartatikan uste gabean

noizpait ginaden gu ernai.

Eta horrela bizitzen gera

sortuz ta sortuz gure aukera

atsedenik hartu gabe:

lana eginaz goaz aurrera

kate horretan denok batera

gogorki loturik gaude.

 

Poema bakarraz, bi kantu ezagun

“Izarren hautsa” poema Xabier Letek argitaratu zuen “Bigarren poema liburua”-n, 1974an. 1975ean Mikel Laboak kantu bihurtu zuen Leteren poema, “Ikimilikiliklik” ikuskizunean jendaurreratuz (1975- 1978). Ostean, Xabier Letek bere poemaz kantu berria egin zuen; “Kantatzera noazu” kasetean jaso zuen (Elkar, 1976). 1980an Mikel Laboak bere bertsioa “Lau / Bost” diskoan grabatu zuen.

Mikel Laboaren doinuaz

 

 

Xabier Leteren doinuaz

 

 

Doinua bertso plazara

Bat-batean Igor Elortzak baliatu zuen lehen aldiz Mikel Laboaren doinua, 2009ko Txapelketa Nagusian (Tolosan, Gipuzkoan). Doinua eta errimen erabilera egokitu zituen Elortzak, hamar puntuko bertsoa bihurtuz, hiru errimekin. Leteren poema zortzi puntukoa da, lau errimekin.