Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

...eta zu kontalari

2019-10-24

ARGIAren mendeurrenari Sustrai Colinak jarritako bertsoak. Bideoan Hitzetik Hortzera saioan Maddalen Arzallusek abestuak, musikatuta.
PDF
1.
Harresiak hesteetan
al daramatzazu?
Berlingoa hauts al da?
Tijuanakoa su?
Martxoaren 8ak
ehun al dauzkazu?
Gernika Monbar ote?
Aiete, Altsasu?
Nor aldatu da gehien,
mundua ala zu?

2.
Joan ziren Maurizia,
Laboa, Xalbador…
ETA historia da,
eliza lur agor.
Jausi ziren dorreak,
erori zen Fagor;
Parisetik jadanik
umerik ez dator!
Zu nor zara munduan,
baina munduan nor?

3.
Agian hartxintxar bat
botetan saltoka:
ez guztiz Bildu ta ez
aski EAJ.
Ez harra, ez emea:
biak, asko jota.
Ez homo, ez hetero…
Liga eta kopa!
Argia barroteen
artean dago ta.

4.
Gurutzean eskegi
duzu San Balentin;
Hirutasun Santuan
bilatu lau erpin.
Nahiz eta bizitzari
zuk bertatik ekin
orain nor fidatzen da
sotanapeekin?
Aita hiltzeak kalte
ezin zizun egin.

5.
Mozalei hozka inoiz
ez denez gaur bera
bide itsuan ere
zu beti aurrera,
etsi gabe inoren
esku-ahurrera;
euskararen begian
gorria urre da.
Ez zinen atzo jaitsi
zerutik lurrera.

6.
Jasotakoa libre
utziz oinordetzan
bat eta bat hamaika
dira lankidetzan.
Kontraesanak altxa,
botereak etzan!
Zaildu ez ezik zaindu,
agindu ez, esan,
euriak ere behetik
gora egin dezan.

7.
Ez zaio hitz gutxitan
luma anitz ari
sentimentatzen joan
den giza flysch-ari.
Altabozik gabeko
kausen zerbitzari,
bere handitasuna
eman bizitzari
eusteko zero zabor
kazetaritzari.

8.
Gartxotez gogoratzen
ote da Itzaltzu?
Ze herri dira Sara
eta Arantzazu?
Paperezko hesterik
ba ote daukazu?
200 betetzean
esango didazu,
nor aldatu den gehien,
mundua ala zu.

Bertsoen iturria: Argia (2009ko otsaila).

Bideoaren iturria: EITB, Hitzetik Hortzera.