1.Urratsa / 1.Ikasturtea
Ibaizabal astekariak sariketa bat antolatu zuen, gaitzat "neskazarrak" emanda. Enrique Elizetxeak irabazi zuen, emakumeei buruz handiak esanaz. Ikus sorta, hemen. Enriquek esandakoekin zeharo haserre, inguruko emakumeek bertsotan erantzuteko eskatu zioten Joxepa Antoniri, eta hala idatzi zuen sorta hau. Enriqueri bidali zion eta honek Ibaizabalera zuzendu zuen (ikus PDF-an Enriquek Ibaizabalera bidalitako gutuna). 1902ko maiatzaren 11an argitaratu zen Joxepa Antoniren sorta.
Enrique Elizetxea gaixorik egona zen eta emakume ezkongabeek zaindu zuten bere gaixoaldian. Gainera, Enriqueren familiako ostatuan etxezaina zen Bixenta ere ezkongabea zen (eta sendian eragin handia zuen emakume hark).
Hitzetik Hortzera saioak Joxepa Antoniren sortako bertsoaldi hautatuak musikatu ditu, Maddalen Arzallusek abestuta.
Bideoaren iturria: Hitzetik Hortzera 2020-03-15.
Hitzetik Hortzera saioak egindako elkarrizketa honetan, Joxepa Antoni Aranberri bertsolariari nor zen ezagutuko dugu, berau ikertu duen Elixabete Perez Gazteluren ahotik.
“Xenpelar” bertsolari familia zabalean jaio zen Joxepa Antoni Aranberri. Sendiko bertsolarietan ezagunena bere osaba zen, Juan Frantzisko Petriarena “Xenpelar”. Eta ezezagunena, berriz, juxtu bere ama, Maria Luisa.
Juan Frantzisko eta Maria Luisa “Xenpelar” anai-arrebak, elkarrekin aritzen ziren bertsotan jendaurrean, euren lantegian: fabrika handian.
Bi anai-arrebak hiltzeko unera arte egon ziren elkarrekin. Baztangaz gaixotu zen Juan Frantzisko, eta arreba Maria Luisak haren etxera joatea erabaki zuen, anaia zaintzera; Maria Luisa haurdun zegoen, eta etxean 4 urteko alaba utzi zuen, Joxepa Antoni txikia. Baztangaz kutsatuta, hiruak hil ziren: lehenik Juan Frantzisko, ondoren haur jaioberria, eta segidan Maria Luisa.
Halaxe, 4 urterekin, amarik gabe gelditu zen Joxepa Antoni: handitzean, bera ere irakurzale amorratua izango zen, ama-zena bezalaxe. Eta fabrika handian egingo zuen lan eta bertsotan, jendaurrean eta bat-batean, lehenago bere amak eta osabak bezalaxe. Bertso jarriak idatzi eta argitaratzera ere iritsiko zen. Eta bere buruari “Xenpelar” deituko zion.