Erreparatuz telebistako mila gertaera beltzi sofan jarrita etxean preso ta gaude ezin sinetsi bertso sorta bat egin nahi dizut zuri COVID-19 eragin duzun dena oroitu dadin bihar eta etzi.
2.
Zuri eskerrak deskubritu dut zer ote den telelana jaiki, dutxatu, ohea egin eta erantzi pijama bakarrik nago etxean eta hala ta guztiz ai ama! Pixka batean atzeratu dut haurrak izateko plana.
3.
Bazkarirako tarte ttiki bat ta sukaldera banoa irudimena zabalduz jantziz ArgiƱanoren txanoa mila aukera topatu ditut: zeliakoa, beganoa... Gaixotu behar gintuzun baina ai COVID zeinen sanoa.
4.
Ordenadore aurrean jarriz berriz sukaldetik bueltan elkarrizketa bakarrak daude Skype eta watsapetan ia eroa dirudin arren isolamendu honetan azkenerako jarri naiz nire buruarekin hizketan.
5.
Iluntzerako ja zereginak bihurtzen dira hain urri ta bat-batean bilakatu naiz apaletako inurri literatura ta saiakerak satisfakzio iturri igual bizitzan inoiz ez nuen horrenbertze irakurri.
6.
Batzuek Netflix, bertzeek pesak nor den nor, moduak modu nik leihotikan begira pasa ditut ja hainbertze ordu gitarra honi hautsak kendu ta bertso ttiki batzuk ondu denbora sobran edukitzeak zerbait ona beharko du.
7.
Instagram ere bilakatu da asperduren babesleku monotonoa dirudiena umorez nola edertu batek bromatan erran dit baina nere ustez dago gertu: "Baietz hemendik hilabetera mila idazle agertu!"
8.
Konspirazio teorietan ere gabiltza arraio nork sortu ote zaituen eta dabilen zure karraio optimista naiz ta horregatik hauxe pentsatzea nahio planetak aski zeukan ta hari zu sortzea otu zaio.
9.
Pozik egonen zara hargatik koronabirus maitea gizarte honen abidurak sortzen baitzigun kaltea Italia aldean egokitu da datu hauek ematea aunitz hobetu dela asteon aireko kalitatea.
10.
Bertze batzuek kontsumismoan hor jarraitzen dute itsu ze aldaketak egonagatik batzuk dabiltza berdintsu eskasiaren infernua da ahantzientzat paradisu komun papera sentitu baita lehen aldiz garrantzitsu.
11.
Ikusezinen bertze aldean hor agertu zaigu zaintza doakoa zen eraikin horrek zenbat bilintzi-balantza koronabirus eman diguzu feministoi konfiantza premizkoa dela ikusaraziz inork bazuen zalantza.
12.
Emakumeon bizkar gainean ta doan hainbertze urte umeak, zaharrak, zaurgarrienak zainduz ia deusen truke COVID maitea honetan ere baduzu mila bertute igual batzuek lehenengo aldiz zaintzen ikasiko dute.
13.
Ta bitartean ospitaleak jarri dituzu gainezka denak artatu ahalko ote diren da sendagileen kezka ez da hain zaila antolaketa ta gobernuari eska mediku gehio jar itzazue polizi beharrik ezta.
14.
Ospitaleak bete dituzu ta herriko plazak hustu baina ikasi dezakegula eginen nuke apustu beraz etzagun eman diguzun aukera ona zapuztu inork ez zuen ta gizarte hau zuk bezain ongi biluztu.