2020-03-18
Oiartzungo Galtzarreta baserrian jaio zen Martxelina Lopetegi (1864 -1930 Oiartzun). Antonio Zavalak jaso zuenez, bertsolari bizia zen. Erromeriatan eta bileretan bertsolariak izaten zirenean, Martzelina haiengana hurreratu eta haiekin lotzen omen zen bertsotan, batzuetan, entzuten zegoen lekutik eta bestetan euren artera sartuta. Martzelinaren lau ahizpek eta lagunek ez omen zuten gustuko hau, eta errietan egiten omen zioten, albotik aldeginez. Baina Martzelinak bertsotan jarraitzen omen zuen.
Martxelinak behin baino gehiagotan jardun zuen bertsotan Txirritarekin; ziri eta kolpe, eman eta dale.
Hara behin Txirritak nola tentatuko duen, maite-kontutan hasteko…
Txirrita
Aitu bear dituzu
nere abisuak,
abek izango dira
gauza prezisuak:
jakiñaren gañian
jarri gurasuak,
bestela ez du baliyo
nere desiuak.
Martxelina Lopetegi
Ama eta aitarekin
izaten naiz ondo,
ointzat eskusarikan
batere ez dago;
jakiñaren gañian
dirade lenago,
libertadia artuta
aspaldian nago.
Txirrita soilik ez zen izan Martxelina tentatu zuena ezkontzeko: Amerikan aberastutako Indianoa ere etorri zaio esposatzeko esanaz. Gurasoekin tratua eginda dago gainera, Martxelinarekin baino lehenago! Hara bien arteko elkarrizketa.
1- Amerikanoa
Zure ait'eta amak eta nik
itzez tratatu genduan:
al baldin bazan esposatzeko
biyok aurtengo neguan;
oraintxen laixter esan beauzu
zer dadukazun goguan;
bazenakizu ni zuretzako
zer gauza ona naguan!
2- Martxelina
Zu gauza ona baldin bazaude
munduan ez da txarrikan,
badirurizu gaur bertan irten
zerala infernutikan;
naiagatikan ez dezu entzungo
nigatik baiezkorikan,
etzait gustatzen zu bezelako
mutilzar itxusirikan.
3 - Amerikanoa
Ez al diozu begiratutzen
nere poltsa diruari?
Ortatik sobra dabilkigunak
gauza daukagu ugari.
Ez al dituzu ikusi izandu
errian zenbat dendari
jatekorikan eman nai ezik
dirurik eztuenari?
4 - Martxelina
Orrelakorik eztet aditu
jaiotzetik oraindaño,
nere negarra zabalduko da
Amerikatik auntzaño,
zuk izan arren urre ta zillar
zedorri estaltzeraño,
nik naiago det neskazar bizi
zurekin ezkondu baño.
Bideoan 4'35 minututik aurrera.
Bideoaren iturria: Hitzetik Hortzera, 2020-03-15.