Etxez etxe garbitzaile lanean ari den marokoarraren ahotik jarria. Iturria: Berria.
1.
Fatima deitzen naiz eta berriz joan nahi dut Marokora. Baina garbitzaile lanen menpe pasa behar dut denbora. «Eguzkia atera aurretik esnatu, joan kanpora Hola mundu zure esku da» erraten dute gustora. Goizeko bostetan esnatzen naiz deuseztatuz metafora: Mundua ez dago nire esku eta eguzkia lo da.
2.
Bost haurrak utzi ditut etxean alaba da zaintzalea. Nagiz bete zait ene bihotza baina hutsa da kalea. Garbitu behar lehen gunea auzo jatetxe noblea. Ostalaritza mundua baita etekin orojalea, nola deskongelatuz kroketak lortze da posiblea, egiten dudan lanaren erdiz ene soldata doblea?
3.
Karmen De la Cruz-en txaletera noa ondotik korrika, nehoiz izango ez naizen horri egiten diot bisita. Neurologo famatua baita, pribilegioz josita, lan indarra saldu behar diot txeke batek erosita. Komuna garbitzen nagoela ikusi dezaket ti-ta I am feminist kamiseta bat labadoran itzulika.
4.
Bere etxean bakar bakarrik aspaldi bizi da Benat. Laurogei urte ospatu ditu lehen erakasle zenak. Bere zaintza lana enegain da lasaitzen dizkiot penak, «Nik ere bost haur baditut nonbait bisitatzen ez nautenak». Txatarra aldatu diot eta xuxurlatu dit barrenak: «Herentzia jinen den unean itzuliko dira denak».
5.
Berez Basetxe jaunarekilan egin behar dut segida, bere etxe guztia garbituz ganerretik atarira. Baina gaur atean itxoiten nau eta esan dit: «Begira, lana kentzen duzu bertakoei injustua da, argi da». Arrazismoak itzala badu, kaleratzeak dirdira: ene larrua bezain ilunak diren usteak badira.
6.
Lana amaitu egin dut baina amaitu denik ez uste. Etxean bost haur ditut ene zai ongi zaindu nahi nituzke. Baina lana da indar saltzea baina lana indar huste, burgesentzako ederra dena enetzat baita itsuste. Ator txurien atzean preso diharduten lau ilustre, deus egin gabe nik baino esku zikinagoak dituzte.