Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Etxe garbitzaile

2020-07-20

Etxez etxe garbitzaile lanean ari den marokoarraren ahotik jarria. Iturria: Berria.
1.
Fatima deitzen naiz eta berriz
joan nahi dut Marokora.
Baina garbitzaile lanen menpe
pasa behar dut denbora.
«Eguzkia atera aurretik
esnatu, joan kanpora
Hola mundu zure esku da»
erraten dute gustora.
Goizeko bostetan esnatzen naiz
deuseztatuz metafora:
Mundua ez dago nire esku
eta eguzkia lo da.

2.
Bost haurrak utzi ditut etxean
alaba da zaintzalea.
Nagiz bete zait ene bihotza
baina hutsa da kalea.
Garbitu behar lehen gunea
auzo jatetxe noblea.
Ostalaritza mundua baita
etekin orojalea,
nola deskongelatuz kroketak
lortze da posiblea,
egiten dudan lanaren erdiz
ene soldata doblea?

3.
Karmen De la Cruz-en txaletera
noa ondotik korrika,
nehoiz izango ez naizen horri
egiten diot bisita.
Neurologo famatua baita,
pribilegioz josita,
lan indarra saldu behar diot
txeke batek erosita.
Komuna garbitzen nagoela
ikusi dezaket ti-ta
I am feminist kamiseta bat
labadoran itzulika.

4.
Bere etxean bakar bakarrik
aspaldi bizi da Benat.
Laurogei urte ospatu ditu
lehen erakasle zenak.
Bere zaintza lana enegain da
lasaitzen dizkiot penak,
«Nik ere bost haur baditut nonbait
bisitatzen ez nautenak».
Txatarra aldatu diot eta
xuxurlatu dit barrenak:
«Herentzia jinen den unean
itzuliko dira denak».

5.
Berez Basetxe jaunarekilan
egin behar dut segida,
bere etxe guztia garbituz
ganerretik atarira.
Baina gaur atean itxoiten nau
eta esan dit: «Begira,
lana kentzen duzu bertakoei
injustua da, argi da».
Arrazismoak itzala badu,
kaleratzeak dirdira:
ene larrua bezain ilunak
diren usteak badira.

6.
Lana amaitu egin dut baina
amaitu denik ez uste.
Etxean bost haur ditut ene zai
ongi zaindu nahi nituzke.
Baina lana da indar saltzea
baina lana indar huste,
burgesentzako ederra dena
enetzat baita itsuste.
Ator txurien atzean preso
diharduten lau ilustre,
deus egin gabe nik baino esku
zikinagoak dituzte.

Iturria: Berria, 2020-07-18.