Berbalizatu ez dudan zerbait nahi nuke bertsoz marraztu gizartearen epaiak nahiz ez lana batere erraztu. Hizkuntzak ere argitu ordez baietz entzulea nahastu: burutik kendu nuen zerbait da baina ez dudana ahaztu.
2.
Deseskalada aspaldi hasi zen forman ta bolumenean nire aitaren joera bera ikusten nuen semean… “Berandu xamar ez al da jada?” sumatu nuen, senean ilbeheran mozten hasi bainintzen hil berri zegoenean.
3.
Gazte garaian maiteminduta izan nuen ispilua, forma kizkurdun ile luzeko metxoiek aze brilua ordubetean ez zen zabaltzen komuneko pestilua. Ta orain, berriz, lurrean soilik pasatzen dut zepilua.
4.
Hala ta guztiz nahi ordurako ezin bañutik atera ilez beteta azaltzen baita dutxa azpiko platera. Haiek bildu ta desagueari pasatzen diot papera; bidean noa Ken izatetik Don Limpio izatera.
5.
Ta soilarena nahikoa ez ta itxura ari zait narrasten; bazterrekorik erori ez ta goikorik ez baita hazten. Ta hala ere ez da erraza ohitura zaharrak ahazten… Orain bi ordu pasatzen ditut belarri gainak orrazten.
6.
Autoayuda liburuetan gomendio inozoa: “Pentsamenduak kontrolatzen du autoestima osoa. Psikologora joan ta praktikan jarri kontsultan jasoa.” Hark esan gabe dakit buruan daukadala arazoa.
7.
Ximeltzea ta soiltzea omen zahartzearen ordaina, eta onartzen zaila den arren hori da nire oraina. Betiko bistan ile galduak zabaldu duen orbaina… Ea bururik ez dudan galtzen zaila izango da baina.