Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Jende animalia

2022-01-12

Giza abereon faunaz. Haurrei zuzendutako sorta.
PDF
1.
Badago jende KAMELEOIA
eta besteen aurrean
inoiz ere ez du nabarmendu nahi
kamuflatzen da denean:
hostoan berde, hormigoian gris
eta marroi enborrean…
Hor dagoela antzematen da
lotsagorritzen denean!

2.
Jende TRIKUA izutzen bada
morkots bihurtzen da bizkor!
Horretarako du bizkarrean
hainbeste arantza gogor.
Eta sabela izanagatik
gozo, leun ta laztankor…
Besarkada bat behar du baina
ez zaio ausartzen inor!

3.
SAGUZAR jende filosofoa
ez pentsa denik tentela!
Leize ilunean buruz behera
hankaz gora dagoela
zerua behean ta lurra goian
ikusten ditu horrela…
Eta nork dio oker dagola
eta alderantziz dela!

4.
Eta badago jende BELDARRA
bihurtzen dena imago*
ingurukoek oso kontuan
hartu gabea lehenago…
Orain jendeak esanagatik:
“TXIMELETA, eder hago!”
bere burua ez du ikusten
lehen baino ederrago!

*Beldarra, metamorfosiaren ondoren, imago bihurtzen da (tximeleta itxuran).