Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Itsasoan

2022-04-19

Ozeanoarekin duen harremanaz. Iturria: Bertsolari Aldizkaria.
1.
Gure etxeko leihotik
iparra dabilenean
gizakiak gaua uzten
badu isiltasunean
itsasoa entzuten da
olatuen jardunean
korrontea nola doan
mendeetako lanean.
Ozeanoak indarra
baitu bere sakonean
bertara hurbiltzen naiz ni
ahal bada, zuzenean
bizitzaren itsasoan
denboralea denean (bis).

2.
Hamar urte nituela
Amabirjinak aldera
bi arrebekin joan nintzen
hondartzara bainatzera
korronteak hartu eta
ezin kanpora atera
ura zihoan goraka
nire gorputza behera.
Bi sorosleren besotan
atera nintzen aurrera
hauxe da nire buruan
sarri sortzen den galdera
aprobetxatzen al dudan
nire bigarren aukera (bis).

3.
Ez nindu(e)n kokildu baina
zurrunbiloen indarrak
olaturik baldin bazen
atera txanpero zaharrak.
Aletak jantziz oinetan
atzean utzi aparrak
goitik behera, a zer txanpak
zuzenak eta azkarrak.
Surfaren modak gerora
bete zituen baztarrak
Hawaiien asmatu zela
diote amerikarrak
taula han sortu zen baina
ez ziren izan bakarrak (bis).

4.
Arbaso zuzenak ditut
Aita Mari, Pako Rata
liburuetan jasorik
ez dauden hainbat pirata.
Sare konpontzaile fina
arrain saltzaile aparta
Getariako portuan
“Sheriff”a zen gure aita.
Nahiz bizimoduak nauen
itsasertzetik aparta
hura dut nire arnasa
insomnioan, lo kanta
kresalak suspertzen nau ni
eta ez dadila falta (bis).

5.
Txalupa txiki bat badut
ez nintzen asko nahasi
aitarekin txikitatik
nuen arrantzan ikasi.
Estresak harrapatzean
eroturik banaiz kasi
leman ipintzen naiz eta
kanpora noa ihesi.
Galdera bada “ontzian
zergatik ibiltzen haiz hi?”
bertan zer egiten dudan
garbi nahi dut adierazi
diru pixka bat gastatu
(e)ta bizitza irabazi (bis).

6.
Berdin zait zein den aukera
arrain txikia, berdela,
hondarrazpiko, txitxarro
edo muxarra bestela.
Gustora prestatzen ditut
aparejoa, kordela
jakinda barratik kanpo
mundua zabaltzen dela.
Baga txikiak kulunkan
daramanean batela
jakin zazue guztiok
hortxe sentitzen naizela
amak bere magalean
hartu banindu bezela (bis).

Iturria: Bertsolari Aldizkaria 2022-04-13.