Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Lagun heldu baten gogoetak

2019-06-26

2010eko Bertso Egunean eskainitako sorta, Argia astekarian argitaratua.
PDF
1.
Zilegi bekit garai bateko
oroitzapenez hastea
ni ere izan nintzen umea,
nerabe eta gaztea.
Baina bizitzak eskatzen digu
heltzea eta haztea.
Gizarte hontan gorantz joatea,
hori da irabaztea!
Gidoi batean murgildu ginen
ni ta nire emaztea
gauza bat soilik ahaztu zitzaigun:
gidoia geuk idaztea.

2.
Behin emaztea aipatu eta
hura zen ezkontza hura!
Berrogei lagun ermitara ta
berrehunen bat otordura.
Trajeatuak barra ertzera
ta Orfeoia kantura.
Dena onetik, dena hobetik
noble berrien modura.
Aitak ordaintzen zuen artean
bazkariaren faktura,
gu Kanadara joan ginen lagun
langabetuen kontura.

3.
Baina gerora errutina zen
gure bizitzaren jabe
eta haurtxo bat izan genuen
gure harremanaren alde.
Amonarekin dagoenean
gu ere gustura gaude
pintxoak jan ta kriantza edanez
berriz nobioen pare
baina gauetan esnatuz loa
zapuzten digu halare.
Ume bat nola etor daiteke
eskulibururik gabe?

4.
Urtean behingo parrandarako
ez naiz egoten zalantzan
umea lotan utzi ondoren
eta emaztea plantxan.
Despedidako afari latza
eta gero... txan ta ta txan!
Kendu eraztuna behatzetik ta
zeozeren esperantzan
Pub-en batean bukatzen dugu
ohartu gabe balantzan
hogei urteko neskei begira
berrogeikoekin dantzan.

5.
Bagoaz zentro komertzialera
dena ez baita parranda
azken urtetan astearteko
gure plana hau izan da.
Dendarik denda gabiltz haurrari
lau litxarkeri emanda.
Dantzatu VISA eroen gisa
hemen guztia da ganga...
Azokan ere ibiltzen gara
tokatzen denean txanda
hiru letxuga regateatzen
BMWan joanda.

6.
Badut lagun bat, demagun Aitor
solteroa, zer arraio!
Izan ez dena bizitzan mailaz
igotzeko bezain iaio.
Tarteka zerbait ligatu arren,
egin arren zenbait saio.
Gizajoari ohartzerako
arroza pasako zaio...
Nire bizitza bideratutik
sarri hurbildu natzaio...
Nahiz ta urte bat den andrearekin
larrurik ez dudala jo.

7.
Azken bertso hau neure ahotik
ta sortatik apartean
mespretxatua sentitu bainaiz
sarri begiradapean.
Zer gertatzen da ez badut sartu
nahi horrelako katean?
Hori gidoi bat besterik ez da
beste askoren artean...
Bakoitzak bizi behar duenez
gustuko duen batean
zuen bizitzak konpondu arte
utzi besteok bakean!

PDFa: Argia astekaria, 2010-02-21.