Albistegietan notizia izatera iritsi den eguraldiari jarriak. Osinalde Sariketaren 50. urteurrenean abestutako sorta.
1.
Ezker eskubi, kosta edo barru, gurean dena bi zati Kortatu-Hertzainak, hotz edo bero, eguraldi zein gizaki. Nahiz buru hauste ta kezka frango ekarri dion hainbati falta denetik umore tanta bat egin nahia aitzaki bertso berriak jartzera goaz nahiko kontu lehor bati.
2.
Kirolen berri eman ostean “Gaur Egun”ek egunero “Eguraldia”k eguzki bera dakar ipar eta hego. Denborak eta tenporak guztiz nahastu ote dira edo? Euskal Herrian noiztik hainbeste zeru urdin, giro bero? Pello Zabala joan zenetik hemen ez da giro gero!
3.
Agortu dira mendiko iturri eta urnear gardenak. Alferrik dira Zarautz Golf Resort ta Endanea Gardenak. Zigarro paper bihurtu dira haitz gazte eta zardenak, inon kaktusak baldin bazeuden haiek ere ihar denak... Martxa honetan laster dira bat Aralar eta Bardenak.
4.
Lehen entzutean “Gaur giro argi ta eguzkitsua”ren kanta etxera bueltan eraman baietz zopa eginda bi hanka. Orain diote “Bota behar du, bota behar du galanta! Harria ere botako du ta jarri Ford Fiestari Manta.” Hainbeste alarma eta espantu ta azkenean bi tanta.
5.
Hari bat soilik geratzen zaie lehengo pixa parrastan. Ibilera hauts, muturra arrauts ta lizar hostoak bazkan. Ipurtaldean, hezurrak bistan, mingaina berriz, arrastan. Isladatzeko adina ere ez zaie geratzen askan. Auskalo Ikerrek bere behorrak nongo urarekin dauzkan…
6.
Ta Euroganberan ingurumena nahiz izan gaietan azken, txanpain burbuilez okitzerako hara pare-bat ebazpen: Hiri handitan kotxeak fuera astelehen zein asteazken. Egin metroa ta autobusa hasi erabilarazten. Goierritarrak beti besteen miseritik aberasten.
7.
Hala ta guztiz hantuste askok, itsas maila ta udalde hitzak ahoan darabilzkite eta ez noski, debalde. Ibiur hazi, Yesa zabaldu, Añarben zer egin galde… Ur pilatua bikoiztu nahi ta ezin hornitu bi balde. Plano gainean enbalse ziren eta lurrean enbalde.
8.
Txinoei buruz aritu dira Berria, Cope ta La Ser hodeietara tiroka ari direla misil ta laser. Gobernanteak eguraldia bere desio ta plazer txikietara moldatu ahal izango omen du laster. Lehen erauntsi gutxi munduan ta hori lortzen bada zer?
9.
Ta guri, berriz, sarri ahotik joaten zaigu ibilera baina serio jarri gaitezen, Murua; deitu bilera! Mut(ur), Z(ur)ito, Zi(ur), Amal(ur), (Ur)run edo H(ur)bilera. Am(ur)izaren lib(ur)u edo Carrefo(ur)eko ilera… Bertsotan ere murritz liteke URaren erabilera.
10.
ETBn noiztik eguraldia albisteen lerroburu? Metereologo, Euskalmet, azti, bost iragarle inguru… Denak alferrik gabiririar bat baita zeru-lurren guru; dilubioak ez baldin bada hark salbatuko gaitu gu. Ozeanoak lehortzerako zatoz Andoni Aizpuru!