Paper zuriaren aurrean jartzen garenekoa, bizitzan zehar. Iturria: Irunero.
1.
Orri zuri gaur zuri bertsoak hitz neurtuen orekan. Formetan zaren laukizuzena bezain zuri koloretan; zeinen txikia zinen umetan koloreekin olgetan eta zein handi guztia muga dudan momentu honetan.
2.
Geroxeago piko-pikoak hegazkinekin batera: hortik ebaki, handik tolestu, egunaren arabera. Lehenengoetan beti zabaltzen genuen kolore bera ta bigarrenek egiten zuten aurrera baino atzera.
3.
Iskin batean oin zerrenda bat eta txarrenak baztertu, idazten zuzen hasiagatik ohartzerako okertu... Lehen bertsoak orri zuritan uzten genituen gertu, ordutik nahiko horitu zara, baina ez gara aspertu.
4.
Nola ahaztu lehendabiziko gutunak eta aitortzak txiskeroaren gar puntarekin ilunduta ertz zorrotzak. Zuk zure baitan sarri eraman dituzu arkatzen hotsak, nik aurrez aurre isildutako sentipenak eta lotsak.
5.
Gero iritsi ginen, itxuraz, azterketak pasatzera: galdera goian eta orri, zu, krudelki zuri antzera. Orduan pasa bide nintzen zu nigandik urrun jartzera, sortzeko gogoz hartu beharrean ikaratuta hartzera.
6.
Orain eskutan beharrean zaude sarean partekatuta, arkatzen punta zorroztu ordez teklatua sakatuta. Orri zuri gaur zauzkate kasik erabat debekatuta zeinen tristea zu ikustea pantaila bilakatuta.
7.
Ikasturtea hastean dena da neurrizko_eta zentzudun, baina bidea sortu behar da hitzez hitz, egunez egun. Etapa oro nola_orri zuri bat bezalakoa dugun ea kurtsoa amaitzerako nola betetzen zaitugun.