Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Bakardadeak

2019-06-27

Taberna zuloan hasten diren gau bakarreko harremanei. "Beira" taldea.
1.
Norbait bilatzen duenak
edonor aurki dezake.
Bihotz hutsentzako kalte;
beteta daude tabernak.
Eta bertan sartzen denak
ezin du bakarrik irten;
sekula ez da jakiten...
Irriak irrien truke...
Bi bakardadek ez dute
bikote ona egiten

2.
Gorputz desesperatuen
galduriko bi arima
-patuaren bi biktima-
gauak elkartu zituen
ahalik eta estuen
ilusioen habian,
alkoholaren ausardian:
"Agian nahikoa edanda..."
"Agian gaurko parranda..."
"Batek daki, gaur, agian..."

3.
Beroak sua du amets.
Mutilak Winstona ketu
eta neskari galdetu
zigarrorik nahi duenentz.
Neskaren ezpainek, ezetz:
Bere ezpainen umela
soilik desio dutela
esan diote irrikan,
Winstonaren inbiritan
baldin baleude bezela.

4.
Neskaren elkarrizketak
mutila konbentzitu du:
"Marraztuko al ditugu
haragizko tximeltak?"
Ta hasi dira ferekak...
Ta desio lurrundua
elkartu den segundua
Ez dakit existitu den.
Elkar irentsi nahi duen
bikote bat da mundua.

5.
Berandutu den idean
Itxi diete taberna,
betiko proposamena:
"Zurean edo nirean?"
Eta etxera bidean
Amodioaz hizketan
Eta gelako krisketan
Ezpain puztuen irria
Gaur ere itsaskirria
Izango da maidiretan.

6.
Izerditik izerdira
Arnasestuak zabaldu
Izara artean galdu
Eta barrura begira
Batera lokartu dira
Baina ez dakit zergatik
Edo agian badakit
Zurrunkak zurrunka truke
Biek amets egin dute,
Bakoitzak bere aldetik.

7.
Egun berri bat jaiki da.
Arropak agudo jantzi
Eguzki pintzak distantzi
Bilakatu ote dira?
Orain, elkarri begira
gauak emandako xarma
Egunsentiak darama
"Benetan ondo pasa dut
Agian deituko dizut
Beste bat arte laztana".

8.
Ahalik azkarren handik
Alde egin beharra dago
Bezperan baino hutsago
Sentitzen dira oraindik.
Ta bi bakardade handik
Lehenago ez zekiten
Orain ez dakit dakiten
Damua damuen truke
Bi bakardadek ez dute
Bikote ona egiten.