Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Atsoak hor jarraitzen du

2019-06-27

Argazkiko emakumeari jarritako koplak. Ekoizpena: Booktegi.
1.
Harria eta herria
aldaka eta gerria
gezur-haragizkoa da
andrearen aberria.

2.
Errekastoen marmarra
alarguna, neskazaharra
ez zaude salbu ta halare
nork moztu dizu bizarra?

3.
Txori beltzen pausatoki
zimurturiko bekoki
ez duzu ezer esaten
gehienera iradoki.

4.
Mendi zerran dena malda
eroririko sorbalda
etxeko teilatuaren
pisuarengatik al da?

5.
Arrastiriko beltzuri
besaurrerik ezin mugi
atearen maratilak
lotzen duela dirudi.

6.
Ahien landare estuak
gerrian tinko eskuak
"Hemen nago!" esan nahiak
eta ezin sinestuak.

7.
Ixil-mixilka satorra
gona, zapia, atorra
elkartzen diren puntua
historiaren zilborra.

8.
Hortzik gabeko zakurra
ezpain ertzean adurra
gonapean biak daude
desira eta beldurra.

9.
Tximeleta gris berezi
beharturiko mimesi
ia gona ta atea
ezin baitira bereizi.

10.
Harizti zaharreko sute
abarketako larrupe
ez ziren kabitzen ala
oinak moztu dizkizute?

11.
Dena txarrantxadun hesi
baina ez al du merezi?
Altxa gonak eta zoaz
erretratutik ihesi.

12.
Gaua zuloen ukendu
begi itxiak mantendu
esnatu nahi zenunean
atsoak hor jarraitzen du.

Ekoizpena: Booktegi.

Musika: Eñaut Elorrieta.