Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Kotxeari gortinak jarri behar dizkiot igandeetarako

2023-07-20

Basarri saria irabazi duen sorta. Zarauzko Bertso Astean kantatu zuen Aner "Euzkitze"k, pianoaz. Doinua Alaia Martinek moldatua da, "El tiempo está después" kantua oinarri hartuta. Irudiak: Erlo telebista.
1.
Lo gutxiegi egin dugu.
Ez nauzu aditzen.
Begi itxietan nabari
dut goiza argitzen.
Gu korapilatu aurretik
hau nahasten ari zen.
Maletero honetan biok
ez gara kabitzen.

2.
Gogoratzen dut zure begi
azpiko orezta,
zure izena ez. Nork jarri
du txosnetan ska?
Zergatik bukatu genuen
Renaultean festa?
“Eramango zaitut etxera”
esan nizun, ezta?

3.
Begiak zabaltzeko beldur
naiz zu aurpegira
so topa zaitzakedalako.
Asko ote dira
bart zeudenak kontenedore
hartara begira?
Ez dakit zer ordu den, baina
beranduegi da.

4.
Kutxaritan igartzen zaitut
atzetik, petxuz blai,
gorputza biratu dut mantso,
zurearen erpai.
Begiak zabaltzera noa,
zuk segi lo, lasai.
Ostra, bale, biluzik zaude.
Joder! Ni ere bai.

5.
“Ya son las nueve”-ka esnatu
ondoren Alexak
behatu duzu: ur-botila,
bi bic cristal exact,
atzoko txosnako basoak,
bi boxer, durex bat
—eskerrak—, totte-baga, galtzak,
mobila, klinexak,

6.
kotxeko giltza, autopako
txanponak ta batik
bat topatzen ez dudana da
zure eye contactik.
Maletategian ez nago
eroso; ez dakit,
baina pentsatuko dut dela
posturarengatik.

7.
Ez dut atzokoa ulertzen;
ea, zer diozu?
Zergatik nengoen hain bero,
sukarrez, morbotsu,
uzkiz hain zabal, hitzez gordin,
ahoan oro txu…?
Ez dakit zein zen arazoa:
popperra edo zu.

8.
Kaka! Hamaika t’erdietan
lana dut, bitxito,
kotxean azkar ez naiz ordu
t’erditik jaitsiko
ta zu etxean utzi behar
zaitut lehenbiziko…
orain morreatzen bagara
ez naiz iritsiko.

9.
Egun on ezer baino lehen,
goiz da zoritxarrez,
nik laster alde egin behar dut
nahiz atzo behar ez.
Jantz ditzagun arropak kendu
bezalaxe aurrez,
ja goiza da, badaezpada
elkarri bizkarrez.

10.
Mapseko zurerako minsak
hogeita hamabi.
Zergatik esan ote nion
“bai” gaurko lanari?
Musika zure esku, benga,
nahi dut joan adi.
Spotify Premium daukat.
Ez jarri Anari.

11.
31 mins isilik.
Ailegatu gara
hau omen da zure herria.
Ez, keba, bertara
ez naiz hurbilduko, ze lotsa.
Txau! Ez ezer laga.
Animo astelehenarekin!
Gaur igandea da.

12.
Isipilutik so egin dizut,
airera muinkatu.
Ene, igande postlarunbat!
Ai, jai bedeinkatu!
Ezin gauetik egunera
guztiz labainkatu;
ez naiz lanera heldu eta
ez dugu gainkatu