Hitzetik Hortzera saiorako jarritako sorta. Musikariak: Eneko Sierra Lataillade eta Beñat Antxustegi Goikoetxeta.
1.
Honako bertso hauetan hartu nahi nuke libertatea nire barruko pentsamentuei irekitzeko atea garai hauetan gai hau hartzea ez da kasualitatea presarekiko ia garatu dugu immunitatea lehen pertsonan ta bertso bidez doa gaurko debatea norberak egin ezean zer da besteeri esatea? nere asmoa ez da inori leziorik ematea.
2.
Azkar nahi honek nahasten ditu zentzua eta ganora eginbehar bat erdizka utzi ta korrika hurrengora beti presaka, ezin iritsi kea burutik kanpora osasun mental kaxkarrarena hortik eratorriko da errepidean asko gabiltza ehunda berrogeitik gora gasolioak dun prezioan jarrita dago denbora ahalik azkarren heldu nahi dugu nahiz eta ez jakin nora.
3.
Gaur albisteen kudeaketak pista txiki bat damaigu egunkaria idatzi_aurretik askok irakurri nahi du sare sozialak dira horretan berri-zaborren armairu bi minuturo albistegia ea zer berri den zai gu bat irakurtzen bukatzerako berrien bila darraigu jakintza eraiki nahi dugulako goruntz solairuz solairu ta hurrengoa heltzen denean aurrekoa ahazten zaigu.
4.
Mezu bidezko elkarrizketak doaz txikitik handira aurrez-aurreko formato oro antigoalekoak dira lagunen bati idatziz gero edozein gairen harira erantzun azkar bat espero da minutuko tirabira zergatik ote ez dagoela mugikorrari begira kezkatzen gara erantzunik ez bada segundu erdira ez da normala baina agian ongi pasatzen ari da.
5.
Sukaldaritza bilakatu da erlojupeko jolasa Nork jaten ditu barazki fresko zein euskal txerri arraza? Hobe patata konjelatuak eta poteko mostaza bi minutuan Airfryerrean ez zartagia ez gasa zer jaten dugun digeritzea ez da batere erraza prestatu gabe, plastikozkoa urdailarentzako masa janaria ta bizitza ezin kontrako eztarritik pasa.
6.
Erritmo hontan gerta daiteke behar baino lehen zahartzea bizitza azkar pasatzen dela berantegi ohartzea komeni zaigu esaldietan puntu ta koma jartzea lehentasunak eta denbora erlojuan uztartzea erne ibili errexa baita zurrunbiloan sartzea ta ez da nahiko arnasestuka gabiltzala onartzea A! ta ez ahaztu beharrezkoa dela arnasa hartzea.