Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Ahalduntze Bertso-Eskola

2024-02-08

2024ko Bertso Egunean Gernikan abestutako sorta.
1.
Nor garen aitortuko
deutzuegu, ados?
behin erantzi garenez
tabuz, erreparoz
izan gura genuke
Ahalduntzen altaboz
nahiz eta gaur etorri
garen hiru ahots
bertso hauetan danon
aldarriak dagoz.

2.
Sarea josten dugu
puntadaka, hariz
puntuka puntadak joz
behar beste aldiz
askok ez jakin arren
zerbaitetan gabiltz
talde handia osatuz
norbanako txikiz
eta talde txikia
norbanako handiz.

3.
Hitzak korapilatuz
galderen lurruna
gure egitea da
lortu nahi duguna
bertsotan ahots bat da
bakarrik entzuna
xekatuz gero hau da
lortuko duzuna
ahalduntzen doan talde
baten oihartzuna.

4.
Berandu heltzen dena
aje puntuz, grabe
atzean dakarrena
kaña ta JB
luze lo egin duen
señora bat, bare
bi txutxumutxu luze
hiru batzar klabe
Durangon joaten dira
orduak nahi gabe.

5.
Batek jantzita dakar
amonaren bata
besteak sudurrean
dauka muki tanta
beste batek sofatik
lapurtu du manta
laugarrenak jantzi du
trikota galanta
Villabonako hotza
ezin da jasan ta!

6.
Hiru gai-jartzaile fin
hainbat bertso lagun
ze genealogia
ta ze ahizpa album
bakoitza gure etxeko
garela demagun
baina elkarri eskua
luzatuta ahaldun
periferiak zentro
bihurtu ditzagun.

7.
Irentsiz mandarinak
eta "Digestive"ak
partekatuz ideiak
eta perspektibak
sortu da inguratuz
inguru eztirat
talde errealista
baina amesti bat
zirrikitutan sortzen
dira alternatibak.

8.
Gazteen ta helduen
bertso sinbiosi
feministak Ahalduntze
leukake sinopsi
erreferentea zen
Orioko Rosi
arreta jarriz hainbat
kideren ahotsi
hitzak eta sareak
nahi ditugu josi.

9.
Doinuz, errimaz, hitzez
beteaz ganbara
behar duzunean jasoz
zaintzaren brigada
kantuan hausnartzeko
goizez batzen gara
izaten ausartzeko
leku ere bada
eskolaz haratago
doa beharbada.

10.
Lau orduko saioko
neke edo nagi
meme elkarrizketa
nahiz keinuei adi
hilabetean behingo
larunbata kabi
okindegiko kafe
geroko bazkari
ez zaio damutuko
hurbiltzen denari.

2024-01-27 Bertso Eguna, Gernika-Lumon.