Zatoz karpa barrura! Mendi Urruzuno argazkilariak eramango gaitu unez une, iruditan, eta Uxue Alberdik argazki bakoitzari kopla jarriko dio, gitarra lagun. Gero bertso-eskolan ariketa bera egiteko materiala, hemen.
Begira zirkuko filak, behelainotan bonbilak; aspaldi ume izan zirenak ta oraingo neska-mutilak. (bis)
2.
Argindar sokan bi txori, orekaria da hori; baietz artista zutik mantendu eta itzala erori. (bis)
3.
Ilunpeko foku argi, gau epeleko ilargi… Gaur ilusio bat piztu bada, nork daki, igual bihar bi. (bis)
4.
Pailazoak bi zapata, ahateak kakaraka, ume txiki bat negar malkotan, amona bat algaraka. (bis)
5.
Xaguxarraren kulunka, trapezioan zabuka, ia jausi da, ia jausi da… Hara, zintzilik dirau-ta! (bis)
6.
Zapiak, kartak tolestu, mago bakarrak lau esku, lilurapean hemen nork ez du sinestezina sinestu? (bis)
7.
Oihala soinaren kusku, tximeleta bat biluztu, argi more bat piztu da eta airea loturaz hustu. (bis)
8.
Lau ilargi parez pare gora ta gorago hare, orbita baten dantzan dabiltza urrutira joan gabe. (bis)
9.
Zuhaitz adar eta zurtoin, eskumutur, hatz eta oin; munstro bakar bat bihurtu dira elkarri helduta bi soin. (bis)
10.
Sugandila bihurria, aldrebes irakurria, zer animali mota da hori? harritu da inurria. (bis)
11.
Zikoinak zeruan hegan soineko zuritik edan… Mutiko batek ahoa eskuz estali du lehen ileran. (bis)
12.
Ileordea, sudurra, ilusioa, beldurra… Guztia ez da egia baina deus ere ez da gezurra. (bis)
IKUS ZIRKUS!
Gure ZirkuanMendi Urruzuno argazkilariak ateratako irudi bakoitzari kopla bat jarriz, sorta osatu du Uxue Alberdik. Guk ere jolas bera egingo dugu! Behar badugu, argazki bakoitzarentzat oinak emango zaizkigu.