Hitzetik Hortzera saiorako jarritako sorta. Musikaria: Manex Pagola.
1.
Harreman gabe gure mundua ez litzake mundiala lurrikara bat bezala Pitzatzen gara ta berreraiki denbora pasatu ahala. Ez gara haize, baina aisa gaude astintzeko tenporala bakoitzak ebatz dezala natur fenomeno izan edo fenomeno naturala!
2.
Itsaso zabal bat da bizitza zakar, bizi edo bare sumendi zuloen labe izan gaitezke erre ezkero kiskaltzeko kapaz are. Denbora hondar ale den hontan egun bakoitza da hare. Beraz, olatuen pare, goi zein barnera heldu gaitezen baina inor ito gabe!
3.
Fenomenoak gara guztiok euri tanta edo txingor bihotz edo harri koxkor bakoitzak dauka bere modua bere helmuga zein tontor, baina noizean behin iluntzen da eta dena dugu konkor; lanbrotzean ez izan gor: nahiz ez ikusi eguzkia ta izarrak beti daude hor!
4.
Baina lasai ez da dena gandu kolpe, bultzada ta tifoi tarteka nor ez da trumoi? Bada jendea hitzez ta eskuz garbi, baina, asmotan lohi... harreman denak ez dira onak boladak bolada otoi, kinka hortan zaudetenoi: zikloak hautsi, distantzia utzi ta izango da antizikloi!
5.
Ildo beretik, nola asmatu zein den harreman txismista? mozten gaituen arista, azkar etorri ta azkar joan uzten gaituena erdizka! Ekosistema horrek nahiz eta pozoi gabe sarri zizta begiak izuz ez kliska: azkar lehertzen da baina lasai ez da itzuliko berriz ta!
6.
Psikoanalisi tenporal honek ditu hamaika oasi, arantza, lore ta sasi... busti behar da, beldurrik gabe libre bizi ta adierazi bizitza dira bi egun eta bat euritan dago kasi denbora doanez bizi ilargipean kulunka eta euripean dantzan bizi!