Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Aska hitzan hire beldurrak

2024-11-20

Zaballako Bertso Eskolak jarritako sorta.
1.
“Aska hitzan hire beldurrak
hauta errima doinuak
utzi burua libre” esan du
bertsolaritza maisuak
libre! Entzun du buruak
zapart egin dit barruak
jada eskuak dardarka ditut
astindu nau aholkuak.

2.
Gorputza indarrez dut igarri
ideiak kolpeka ari
bultza ta tira ari dira eta
behar dut ordena jarri
heldu diot errimari
ta doinua leungarri
borborka dudan egonezina
gerta bedi altxagarri.

3.
Sendatu ezin diren zauriak
eragin dizkit kartzelak
bahitu igor zenizkidaten
orbaintzeko ukenduak
moztuta ditut hegalak
herbal oin, buru eskuak
luze ta latza izan den arren
bizirik dirau oldarrak.

4.
Lapurtu dizkit bizi urteak
eman gurako ferekak
semearen hezketa ardurak
alaba betebeharrak
herritarren gorabeherak
kideen poz ta doluak
hizkuntza bera erauzten egin
dituzte eginahalak.

5.
Azken lubakira bultzatuta
naizena ere ukatuta
giro bortitzean nahi ninduten
betiko kateatuta
herri senaz indartuta
Fenix berria piztu da
bizi-gogoa ezin da eten
zigor legez kolpatuta.

6.
Bozgorailuak ozen dituzte
galdu dugula diote
konponbidea adostu ordez
gerrazale handiuste
baina zer isiltzen dute?
Arazoek hor diraute
izan kartzelan, izan kalean
lana dugu esku-bete.