Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Espetxetikan irtenda

2024-11-20

Zaballako Bertso Eskolak jarritako sorta.
1.
Espetxetikan irtenda
dena zabala, handia
mugikorra dut ondoan
deiak, mezuak, jendia…
Lehenengo bi egunak
niretzako eroaldia
turistez beteta dago
beti da denboraldia
Hernanira joan nahian
errepidea garbia
rotondak eta etxeak
hormigoiaren saria
hogei minutuko tramo
nire lehenengo aldia
jeitsi nintzen geratzean
oraindik bide erdia.

2.
Nire itxura kalean
moldatzeko dut beharra
ile urdina erabat
“Demode” eta zatarra
ala ibiltzea hemen
eskale antza xamarra
gazteek paso egiten
agureentzat baldarra
ile apaindegi bila
Grosen badago zaharra
Ismail da haren jabe
arriskutsu argeliarra
aizturrekin oso trebe
labanarekin azkarra
berezia da tipoa
delako begi bakarra.

3.
Okindegian sartu naiz
egun on esan, normala
barkatu ez dut ulertzen
gazteleraz berehala
arraindegira ostean
berriz saiatu ahala
horrek ere bai erdaraz
lodiegia azala
fruta erosi behar dut
prezioa da mortala
atzerritarra delako
elkarrizketa makala
karneta ateratzeko
txakurtegira noala
euskaraz erantzuten dit
polizia nazionala.