Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Naizena izanez garena

2025-01-07

Zaballako Bertso Eskolak jarritako sorta.
PDF
1.
AZALAK MEMORIA DU
Jaiotzean geneetan
XX badituzu
bi aukeretan bakarra
egokitu omen zaizu
Alazne, Nagore, Maite
izenak izana maisu
anaiak, amona, ahizpa
aita ondo zaindu itzazu
izan zaitea txintxoa
gauez ez ibili aizu
mutil ezezagunekin
ez joan inora, kasu!
Bi X-k jarraian noiztik
egiten du enbarazu?
Zergatik eraikitzen da
hainbeste beldur ta izu!

2.
ITSASOARI BEGIRA
Maitasun gabe emakume bat
denez hutsaren hurrena
nire printzipe urdina zara
osagarritzen nauena
zu gabe ezer ez naiz izango
emango dizut onena
zoriontasun izar artean
senarrarena aurrena
azken arnasa eman nahi nuke
naizela izanez garena.

3.
DENA ALDATZEN DA
Menopausia, klimaterio
adinak dakar liskarra
hormona dantza galanta
mala ostia ta negarra
ugalkortasun galdua
erauzi ta isildua
ezin ikusizko gara
emakume ezereztua.

4.
Matrailak gorri gorriak
edertasun ukatua
azalak erori dira
alua da sikatua
mina gorputz eta ariman
abanikoa eskuan
lo egin ezinik orduak
betiereko neguan.

5.
BUBO MAGNIPETASI
Bizi osoa zaintzen
bazun balioa
zergak ordaindu eta
kriston presioa
miseri gorria da
guretzat geroa
zaintza behar denean
hasten da arazoa
mixeri gorria da
guretzat geroa
bizirautea ote
da zahartzaroa.

6.
Hiru egun zeraman
hilik bere etxean
esatariak zion
goizeko albistean
emankorra izatetik
utzi duenean
munduak ahaztuta
zeukan bapatean
duintasunik ez da
horrela hiltzean.