Hernanin oñatiarren aurkako pelota partidua jokatu ostean, Aitor Tatiegik sorta hau zabaldu zuen sare sozialetan. Bai Aingeru Otxotorenak erantzun ere, hernaniarren defentsan.
BERTSO BERRIAK HERNANIKO PELOTARI JARRIAK
Bertso berriak jartzera noa gertatuari jarraika: bi mila eta mende laurdena urtarrilaren hamaika. Guri Hernanin pasatakoa gura nizueke aipa pelota mundu osoak jakin behar lukeena baita.
2.
Udaberriko partida dago ta Hernanira etorri beroketetan egin genuen peloteatu ta korri. Txapa aldrebes samar botata haientzat irten zen gorri zer pasako zen señale traza hartu behar nion horri.
3.
Hormaren kontra hasitakoan azkar ziguten igarri atzelariak ibili behar izango zuela larri. Juezarekin hitz egin zuten hura utzi, hau ekarri guk nahi genuen pelota kendu eta karratua jarri.
4.
Jende zintzoa edukiko du seguru asko Hernanik baina batere ez zan suertatu orduan frontoian zanik. Larritasuna izango zuten gu saskiraino joanik asko ez zuten uste ordea konturatuko ginanik.
5.
Nahiz ta ez zuten tranpa egina haiek onartu inola diferenteak ziren pelotak ardia ta behia nola. Alper-alperrik jarri genuen irakitear odola modu horretan hezia al da Rekalde zarran eskola?
6.
Harley-ak eta Vespa-k bezala desberdina zuten hotsa. Gezurra zuten hurbilekoa zintzotasuna arrotza. Partida galdu egin genuen esateaz ez naiz lotsa ia pareko pena izan zen gero dutxako ur hotza.
7.
Frontoirik frontoi, herririk herri jardundako urteotan horrelakorik ez zait gertatu orain artean pelotan. Pasatakoak ipini ditut egiazko bertso-sortan oso gustura hartuko ditut inork erantzutekotan.
8.
BERTSO BERRIAK PELOTARI OÑATIARREN ESANEI JARRIAK
Oñatiarrak Hernaniraino behin etorri eta hara nunbait pelota partido batek sortu omen die traba ta Tatiegik bertsoak jarri lege zaharraren gisara norbaitek irten beharko du ba Hernaniren defentsara.
9.
Pasatakoa ondo gordeta haserreen kargazoian nahiz txapapean haina pelota ezin sartu txapa-goian bi mila aldiz esanda ere modu ez hain lagunkoian jakin ez dala bihurtzen, Aitor aitzakia arrazoian.
10.
Txantxiku hauek ondo dakite zer degun diplomazia baino errespetuz aritu arren hamaika akrobazia hernaniarren tranposo fama omen da irabazia bai, gure kabuz egina baino zuengandik ikasia.
11.
Gure herrian pelotariak izan dira dozenaka ta arduradun izandu dute frontoietako akrata Rekalde tipo kuriosoa frontoia utzi du kostata frontoia utzi, utzi du baina sustraiak ondo botata.
12.
Materiala ez gustatu ta egin zuten aldaketa ta pelotaren erritmo horrek eman zizuen arreta nik ez det uste gertatu zanik epaileen erosketa dirudienez ur beroantzat ere ez daukate eta.
13.
Positiboa ez denez beti frontoietako epela... azpijokotan zenbat partida, trofeo eta txapela egokia dan edo-ta ez dan nork jartzen du erregela pelota inoiz joku garbia izan balitza bezela...
14.
Hernani eta oñatiarrak nola jarri diran martxan nik bertso hauek idatzi ditut umore oneko txantxan holako gauzak gerta daitezke frontoiean edo kantxan ta errebantxa nahiko bazenu, zain gaituzu Kontrakantxan.