Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Metamorfosia

2025-01-15

Hitzetik Hortzera saiorako jarritako sorta. Musikaria: Manex Pagola.
1.
Kopla berriak jartzera noa
hitza hitzari josia;
azal dezadan noizbait bainintzen
jendaurrera egotzia…
oholtzaren bueltan bizi izan dudan
bertso-metamorfosia.

2.
Oskola hausteko, munduratzeko
sasoi ona da bedatsa
Eskolarteko lehia estuan
alergiadun arnasa
Bera ta ni neu loratu ahala
ezagutu nuen plaza.

3.
Nerabetzean, beroarekin,
su a(d)ina kezko atean
Baina iduriz, udalekutan
gaubelan, izarapean…
Bizi osoa kabi zitekeen
uda eternal batean.

4.
Sariketetan, udazkeneko…
gaztaro haize-epela
Ohartu nintzen nahiz goxagarri
suerta daitekeen orbela
Zuhaitzetako hostoak nola
erori gaitezkeela.

5.
Krisiak krisi, negu partean
zalantza ta ezinegon
hibernatzeak, ezkutatzeak
zeini egin dakioke on?
Batzutan behar da hankak pausatu
eta lokatzetan egon.

6.
Izan denaren ondotik sortu
daitekeenez gehiago
oraindik ere urterik urte
edo urtaroz urtaro
zertan ez dakit zehazki baina
eraldatzeko prest nago.