Hitzetik Hortzera saiorako jarritako sorta. Musikaria: Manex Pagola.
1.
Kontsultara joan zara zure zain ta toles guztiak leporaino kolesterolez. Zuzendu zatzaizkio, noski, espainolez; berak “Kaixo! Imanol naiz!” egin dizu oles. Umiltasun noblez, lotsa dosi doblez, zoaz betiko lez, parazetamolez. Denak dira berdinak baina Imanol ez.
2.
Begira Gurutzeta edo Txagorritxu; halere jarraituko bazenu itsu: Imanolek badauzka nahi haina zerbitzu; zure konfiantzazko mediku, intxixu. Tentsio zein pisu gehiegiren izu bazara, abisu emanda, jakizu: kontsulta pribatua pasako dizu.
3.
Berriz korapiloa daukazu hesteetan, artatu zaitzatela ordu estretan. Gehiegi inbertitu zen COVID testetan, aurrezteko itxi behar zentroak festetan. Greban, protestetan… Batzuk taldexketan nahiz auzi esketan bildu hainbestetan, kudeaketa ona da inkestetan.
4.
Badaezpada haurrik ez dagizula jaio, behin bihurtzerakoan guraso iaio: zure herri politean, bere kai ta kaio, pediatrarik ez dago baina ze arraio! Birusen garraio zenbat eztul saio… Dalsydun bataio bat eman ta aio! Haurrak gogorrak dira; pasako zaio.
5.
Lehen osasun arreta, larrialdi, UCI ta beste hainbat arlo erdi biluzi. Aspaldian jarri da kontua itsusi. Begi bistara ezin baduzu ikusi: kexa orri gutxi batzuk erakutsi, zuk minari eutsi, dakitenei utzi… Begiak kamamila urez igurtzi.
6.
Dena dago koloka, itinerantzian, asegururik ez da segurantzian. Istripu bat gertatuz gero distantzian, laster zaude erietxe baten estantzian: ez jausi antsian azken instantzian, ezin erantzian zoaz hil-jantzian; medikurik gabeko anbulantzian.