Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Sarean harrapatuta

2019-06-24

Sare sozialekin kateatzen garenean... *Haurrei zuzendutako sorta.
PDF
1.
Etxe guztietako
kide berri hori
laztantzea gustatzen
zaiguna askori
gozo biltzen duguna
ez dadin erori
mobilak bateria
beti gori-gori
beste inor ez dugu
zaintzen horren ongi.

2.
Mundu berri bat sortu
dugu behatz trebez
sare sozialei esker
gertu daude berez
Aulesti, Massachusets
eta Buenos Aires
baina sare denekin
gertatzen den legez
sartzea erraza da
ateratzea ez.

3.
Whatsappa da batasun
bezain bakardade
sentipenak bihurtzen
dituena klabe
Jajajaja, jejeje
pistola, zizare,
gero bi malko eta
zazpi bihotz pare
aurpegirik aldatu
ere egin gabe.

4.
Hondartzan eguzkitan
nahiz pastel bat jaten
Instagramen gordeta
mila oroitzapen
momentuak ez digu
nahiko poz ematen
izozten ez badugu
selfi txukun baten
denek pozik gaudela
ikusi dezaten.

5.
Asmatu ditzakegu
izana, izena
baina jakinik zein den
jarrera zuzena
hemen haizeak ez du
eramaten dena
hobe ez egitea
sarean barrena
aurrez aurre egingo
ez genukeena.

6.
Amaraun txikienek
daukaten lanketa
futboleko ate bat
edo erraketa
salabardo berde bat
arraintxoz beteta
ez dezagun hainbeste
maitatu tableta
sarerik sozialenak
kanpoan daude ta!