Basarri 42. bertso paper lehiaketako sorta irabazlea.
1.
Gogoan dauzkat marka kolorea, forma… Opel Kadett marfila, bertan lau pertsona. Memorian lotuta dauzkat handik hona aitaren kolonia, gasolina, goma, herri irteerako surtidore ona ta Sugusak ematen zizkidan gizona.
2.
Lehenago izan ziren Citroen horia ta Dyane 6 laranja –aitaren loria–. Donibane Garazi, Erroma, Soria… bikote maitemindu baten euforia. Hala ikasi nuen zer zen memoria ta ni baino lehen hasi zela historia.
3.
Pinu berde ilun bat aurrean zintzilik, ama etzanda lotan ta aita isilik. Gu_atzean belauniko ta gero bil-bilik inguruetan bazen guardia zibilik… Jolasa zen ez zirkin ez arnas debilik ea lortzen genuen irautea hilik.
4.
Sutan Errenteria, Elgoibar, Hernani, kaleak barrikada, pintada ta mani. “20 urte erori zaizkio Roldani”, “etsitzea tokatu zaio Leitzarani”, “Tourrean Lejarreta eta Cabestani…”, ta atzeko partean bakean lotan ni.
5.
Baina denborak badu bere kadentzia, ta Kadettak herdoila ta dekadentzia. Hilekoa zen marka ta ebidentzia, hil zela auto hura ta inozentzia. Horrela lotu ziren Vectra bat, zientzia, urdin elektrikoa ta adoleszentzia.
6.
Ta aitaren autotik gizonen katean, nengoen mutil baten auto granatean. Esku nerbioso bat kamisetapean, lurruna leihoetan, bera bolantean… haragiak ulertu zuen bat-batean zerbait utzi zuela atzeko partean.
7.
Batu ziren gasoila ta bertsolaritza, nire lehen soldata ta udako brisa, lehengo bolantea frenoa, txasisa… Nahi banuen gelditu eta egin txixa, bertan lo egin edo gidatu Parisa… nire zain egoten zen Toyota Yarisa.
8.
Gero elkartu ziren heriotz-ezkilak, helduaro bat eta bi umeren sillak. Kotxe heredatuan kantu infantilak, “lotu gerrikoak!” ta “itxi bentanillak!”… Nola sartzen dituen egunen gurpilak auto bakar batean biziak ta hilak.
9.
Asteazken goiz batez Ford C-Max kakian, oraindik erdi lotan goizeko flakian. Gerrari bolumena jaitsi irratian, bonba hotsak airean ta ni terapian… Salbu sentitzen gara gure lubakian bakoitza norberaren txatarra zatian.
10.
Leihoan euri tantak, bi zeru more han… Orain bakarrik noa auto dotorean. Denbora kopilotu dut isil-gordean, nahiz noan abiada kontserbadorean, begiak zerumuga erredentorean… Zerbait desagertu da retrobisorean.