35. Lazkao Txiki bertso-paper lehiaketako sorta irabazlea.
1.
Zuri, hetero, aberats, ezkertiar, euskalduna, hiru alabaren aita, otsailetik alarguna; premiak oraineratu dizunez etorkizuna, aurrerantzean zurekin igaroko det eguna. Gaur Emerlina naiz, bihar agian zure laguna etxea ta ipurdia garbituko dizkizuna.
2.
Jainko-jainkosa guztiei eginagatik erregu, gure urteek dituzte urtaro adina negu. Sinetsarazi ziguten Goierri ez dela Peru, baina laguntzak laguntza ta maileguak mailegu, zuen bazter-lanetara kondenatuak gaude gu, dirurik ez izatea garesti ordaintzen degu.
3.
Nahiz ezagutzen ez nauten aho-begiek epaitu eta egin alper, lapur ta gisako hainbat aipu, borrokarako grina ta indarra ez zaizkit ahitu, ongizateak ardura handia eskatzen baitu. Nik bizitzen segi nahi det ta zuk bizirik jarraitu, behar ezberdinak baina beharrak elkartzen gaitu.
4.
“Saiakerak saiakera ta ahaleginak ahalegin, beltzaran ipurtarinak ez dizkinagu atsegin”, “Gazte lepattentte horrek karrerarik ba ote din?” Gorrotoa asaldura inpotentzia barne-min; gizon belaxka guztiok egin ohi dezue berdin singularrean pentsatu ta pluralean hitz egin.
5.
“Osasunari luzetxo egingo zaio urtea”, “Konpondu dute biloben eskolako itutea”, “Azkeneko urteotan zein da Palmako dukea?” Axalekoa da gure informazio trukea; kontua da batek esan ta besteak entzutea, ezertaz ez aritzeko edozertaz jardutea.
6.
Makulua ta gurpildun aulkia aldamenean, neurologoarenera Zumarragara trenean; ostiralean dentista, fisio astelehenean, agenda ibiltariak ez al gara azkenean? Eguzkitik eguzkira jardun behar da lanean, hainbestean bizitzeko hainbeste behar denean.
7.
Lehenengoz zuen etxean jo nuenetik aldaba, bidean aurkitu ditut geltoki hainbat parada: umeen eskolatzea, errolda, bekak, euskara… Nere pausoen zalantza, zure eskuen dardara. Izan, nor bere burua baino gehiago bagara, egokitzea elkarren arnasera ohitzea da.
8.
Zabaltzen dugun leihoa ixten diguten atea, gero ta garestiago dagoen borondatea; bi logela, telebista, hozkailu erdi-betea, seme-alabak lokartu ondoreneko bakea… egunean bi otordu egin ahal izatea, uki daitekeen ametsa da errealitatea.
9.
Feminismoa oinarri, borroka aldarrikapen, ea asmatzen dedan fin eta egoki esaten. Nola errukiak grisa bakarrik zuri dezakeen, beltzek ere gorritzeko aukera izan dezaten, eskuzabaltasun keinu hoberik ez da izaten, saiatu ez daukanari ez daukazuna ematen.