Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bilaketa lupa Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Ostatuko neskatxaren koplak

Emakume baten samina, senarra Espainian preso dagoelako. Joxe Austin Arrieta idazleak kopla zaharren estiloa eman zion sortari, naturako irudiak baliatuz. Doinua Anton Latxak sortuta, Oskorri taldeak plazaratu zuen kantua.
1.
Isildu zaigu eguna
larre ondoan asuna
zure gomuta saminagoa
bihotz nereko kutuna.
2.
Eperra garitzan kanta
ehizeko zakurra zaunka
teilatu gorriari dario
nigar eta odol tanta.
3.
Belar gainean bildotsa
haizeak leun du hotsa
etsai-urratsen zarata hitsa
gorrotoaren ostotsa.
4.
Oilarrak harro kalparra
zezena ez da koldarra
Espaina aldean preso daukate
nire senargai zangarra.
5.
Ibaia dator uholde
haizea uraren golde
euskal andra-gizonen odola
ez da ixuriko debalde.
6.
Eder basoan haritza
pagoa lerden bortitza
bazter hauetan zenbait jaunskilok
errez jan ohi du bere hitza.
7.
Sagarrak daude ustelak
mikaztu dira upelak
lehengo aldean orain gara gu
abertzale txit epelak.
8.
Euriak mardul dario
elurrak dirudi liho
nire bihotzak ez dezaizuke
sekulan esan adio.
9.
Artoa zaigu zoritu
sagarrondoak gorritu
zu noiz itzuli itxaropena
ez zait gogotik akitu.
10.
Udako sasoiak uzta
larrean eder hirusta
nire bularra zuk laztan ezik
ximelduriko masusta.
11.
Usoak dira igaro
basoak dirau oparo
nire magal gozoa dukezu
zatozkenean abaro.
12.
Zelaiak badu hesia
ereina dugu hazia
nire erraietan ernatuko da
askazi ezin-hezia.