Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bilaketa lupa Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Artzaintza

Urepeleko artzaina zen Xalbador. Bere bizimoduari eta ardiei zien maitasuna azaltzen du sorta eder honetan. Hitzok abesteko nor egokiagorik, Erramun Martikorena artzaina baino?
1.
Mendian sortu bainintzan
laguntzat ene bizitzan
artaldea dut nik izan
haur nintzaneko, aitak erranik
ardiak goberna nitzan
plantatu nintzan artzaintzan
mundu hunetan gabiltzan
gizon xumeen langintzan.
2.
Geroztik ene bizia
izan eguzki xuria
ala elur erauntsia
santa sekula pentsatu
gabe zer dutan irabazia
hola deramat guzia:
ardier erne begia
bihotzez heier josia.
3.
Udak ardia derama
libro oihanetan barna
orduan ez naiz ni jauna.
Libertatea Jainkoak baitu
denen gogoan emana
uzten diotet baimena.
Nola dezaket kondena
nihaurek maite dutana?
4.
Neguan sartzearekin
artzainak badu zer egin
bai eta ere atsegin:
ate ondoan ikusi baitut
ardi bat bi bildotxekin
hantxe bertze bat batekin
urruntxago bida erkin
zoin uros naizen nork jakin?
5.
Munduko izaitetarik
gaur eta egundainotik
bildotxa da eztienik.
Bati nik hauxe galdetu diot
musu bero bat emanik:
“Nor da gutan dakienik
zoinek zaituen maitenik:
zure amattok edo nik?”
6.
Ez da atzoko kondaira
doa bi mil’urtetara
jakintsunen arabera:
bildotx bat hartu besotan eta
artzainak ziren atera
aingeruekin batera
Eguberri goiz aldera
Jesusen adoratzera.
7.
Bildotxa Jesus Haurrari
eskaintzen izan denari
Jaunak emaiten du sari
ardi bildotxik duen herria
ez da arras urrikari:
direlakotz maitagarri
berak ditugu lotgarri
sortu gaituen lurrari.