Hitzetik Hortzera saioan plazaratutako bertso jarri musikatuak.
1.
Madrilen Prado eta Florentzian Uffizi Londoni British-a ta Louvre-a Parisi gurean Guggenheim-a nahiz ta den notizi nork dio erreparatuz hainbeste barnizi jada museo baten ez garenik bizi?
2.
Wellcome to basc museum bixitante finak gida legez egingo ditut ahaleginak aurkezten zenbait obra besteen berdinak pisu gutxikoak ta formaz atseginak Vueling-eko maleten neurrira eginak.
3.
Iragan mitikoko aztarna galantak Elkanoren ile bat ta sorginen kantak hor dauzkazu Altzoko Handiaren hankak ta han Orreagako gurdi baten llantak... Ez esan ez ginenik barbaro xarmantak!
4.
Chillida ta Oteizaren zintzelen mintzoa ez da gaur garenaren irudi zintzoa sinplifikatu dugu merkatu nitxoa hor euskal eskultura baten lagintxoa: kristalezko bitrinan txakazko pintxoa.
5.
Lehen Nerbioiko urak beltzetik berdera lasai orain ez gara erreka berbera ur trago hau genuke relatoa bera aurkeztu dugu garbi, geza ta onbera erraz pasa dakizun zintzurrean behera.
6.
Arren, gela honetan ez flash ta ez eztul obserbatu euskara eder bezain ahul brontzezko esku zahar bat erdoilduta azul "Sorioneku" hitza izanagatik cool gainetik jarri dugu "I think is beautiful!".
7.
Erosi gutaz oroit zaitezen betiko Gernikako arbolaren hiru llaberito lurrik behar ez duen bonsai estetiko hemen egongo gara zu noiz etorriko herri disekatua ez da inoiz hilko.