Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bilaketa lupa Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Norteko tren-bideari aste hontan Txirritak jarriyak

1864an inauguratu zen Donostian Norteko Trenbidea. Aurrerapen handia izan zen baina, hasiera hartan ur lurrunezko lokomotora izaki, bere arazoak ere bazituen: “ikatz-jale” ikaragarria zen, nekez igotzen zituen aldapak eta botatzen zuen ke beltza bagoietan sartzen zen. Horregatik, trenbidean argindarra sartzeak benetako iraultza ekarri zuen. 1929an gertatu zen. 1931ko sorta honetan Txirritak asmatu zuen azaltzen, zer aldaketa ekarri zuen trenak eta zer alde dagoen makina ur lurrunak mugitu edo argindarrak mugitu.
1.
Naparruatik ardo-karraio
itzai asko zan ikusi
prankok bazauzkan hiri koskorrak
beren koilare ta guzi
zurezko ardatzak lumerarekin
ahal zan maizena igurtzi
denbora hartan Pantorrill zuten
karreteruen nagusi.
2.
Garai artako itzai koskorrak
ongi zebiltzan lanian
Gipuzkuan da Bizkai aldian
da Euskal Herri danian
gorputzak bapo gobernatuaz
edanian da janian
akabo hoien jornal-bidia
trena etorri zanian.
3.
Aditu zituztenian trenen
txistua eta marruak
gehientsuenak saldu zituzten
idiak eta karruak
esanaz: “Horrek jetsiko dizkik
goi hoitan diran arduak”.
Garai hartako haien abarkak
ziran basurde-larruak.
4.
Mila zortziehun hirurogeita
zazpigarrengo urtian
lehenengo trena ikusi nuen
Españiako partian
bide pixka bat bistan pasa ta
inoiz sartua lurpian
ferra berriak erantsi dizte
handikan orain artian.
5.
Modu horretan jarri zuenak
Norteko ferrokarrila
jakinduria haundia zuen
entendimentu abila
gizonik ezin hasi liteke
zaldi hobiaren bila:
goizian irten lrundik eta
iluntzerako Madrila.
6.
Danak alkarri lagun zaiogun
ilundu gabe kopetik
indar haundian dijuala’re
gelditutzen da kolpetik
inor ezertaz bihartzen bada
Donostiara Madritik
izugarrizko adelantua
jarria dago Nortetik.
7.
Linea horrek badauka zenbait
tunel, zubi ta errio
bi biderekin ipini dute
sekulan baino berrio
eletrikako indarra eta
hoinbeste guardarraio
gau eta egun gelditu gabe
beti zerbaiten karraio.
8.
Trenera lasai balijuake
eginagatik zahartzera
iyo-bidiak ederrak dauzka
kotxian aixa sartze’a
hamar legua bide pasa ta
ordu beteko etxera
lehengo segunda bezain ederra
dago oraingo terzera.
9.
Eseri-aulki ederrak eta
beste gauza bat on-ona:
ezertarako bihartzen bada
kotxe bakoitzak komona
lehenguan hantxen ikusi nuen
larogei urteko amona,
frantzes euskaldun buru-zuri bat,
Bentaberriko Moñoña.
10.
Karbonerarik ez dute bihar
fogonerorik hain gutxi
hor bihar dana: begiak ernai
eta llabiari eutsi
abiatzian iriki eta
ailegatutzian itxi
gau eta egun gelditu gabe
dabil txistu ta irrintzi.
11.
Gizon abila zan eletrika
sortu zuen maisu hori
pixka-pixka bat harek graduak
bajatu zizkan suari
orain indarra leku askotan
kendutzen zaio urari
garai batian merke zan baino
gaur balio du ugari.
12.
Hola esanaz ur irakinak
egiten zuen negarra:
“Prezisua al da beti kalderan
kiskaltzen egon biharra?
Ez daukat beste alimenturik:
sua, kia ta txingarra
ongi miatzen baldin banazu
hotzian badet indarra».
13.
Berari beira jarri zitzaion
zabaldurikan besuak
arrazoi hori ontzat hartu du
eletrikako maisuak:
“Badakit zure gau ta egunak
dirala lastimosuak
hori egia esan badezu
itzaliko dia suak”.
14.
Nere munduko jakinduria
izan da oso azala
Jangoikuari eskatzen diot
arren argitu nazala
garai batian ez genekien
eletrikarik bazala
orain ur hotzak dabilki trena
lehen irakinak bezala.