Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bilaketa lupa Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Esperantzarik gabeko amodioa

Ezinezko maitasunari.
1.
Amodioa gauza tristea,
bihotzen higatzailea
guziz enea bezala bada
esperantzarik gabea.
Gizonarentzat hau baino malur
handiagorik badea?
Ikusten eta ezin eskura
maitatzen duen lorea!
Hunela bizi baino aunitzez
hobe litaike hiltzea!
2.
0, Jainko ona, zendako bada
egin nauzu hoin maluros
begien bixtan izar eder bat
ezarri dautazulakotz
ikus orduko maite nuena
nik ditudan indar oroz?
Harek ordainez ez du enetzat
ez begi eta ez bihotz...
Nehoiz ikusi izan ez banu
hobeko nuke ondikotz!
3.
Üi ene maite ezin ukana,
zoin zaren xarmegarria!
Maite dut zure begitartea,
maite zure boz eztia
halaber zure irri gozoa,
zure izaite guzia
zuretzat baizik ez dut begirik,
zare ene iguzkia
gau eta egun zuri pentsatzen
deramat ene bizia.
4.
Martxoko hormak galduko duen
lore pollit goiztiarra
ta eihartzerat bortxatua den
haizeak hautsi abarra
ene bihotza ez ditaikea
gauza horier konpara?
Nehoiz enea ez da izanen
maitatzen dutan izarra
hortaz oroituz maiz etortzen
zaut nigarra begietara.
5.
Aitortzen dautzut, ene maitea,
goiz aski banakiela
etzintaizkela enea izan,
bertze batentzat zinela
bainan halere maitatu zaitut,
ez bainezaken bertzela
ene bihotza, bizi naizeno,
izanen zaizu fidela
zuretzat bizi ez banitaike,
zuretzat hil nadiela!