Ez dut gogoan lehen musua lehendabiziko bularra, ez dut gogoan bizirauteko bertatik edan beharra; nahiz eta ahaztu amak lehenengo eginiko irrifarra, ziur naiz hortik datorkidala bertsotarako indarra.
2.
Nere herriko neskatxa maite kantatzen zidan gauetan, eta halaxe hasi ohi nintzen egunero ametsetan; gaur gure amaren sehaska-kantez gogoratzen naiz plazetan, haren ahotsa ateratzen zait kantuan nagoenetan.
3.
Nahiz ta gutxitan aipatu dudan bertsotan bere izena, nahiz txapelketan bere lekua den guztietan zailena, sarri esan dit nere fansetan handiena bera dena, baina ez daki ni neu naizena bera miresten duena.
4.
Haren ondoan bizi izan naiz erregina bat bezela, ezin zitekeen hobeto bete ama on baten papela; segundo batez pentsatuz gero ni epaile bat naizela, euren buruan jarriko nuke Euskal Herriko txapela.
5.
Etxe barruko lamina eta inguruetako dama; bihar goizean hurbil zaitezte goxo-goxo beregana, ta esaiozue orain artean lotsaz gordetako dana: eskerrik asko guztiagatik, asko maite zaitut, ama.
*Bideoan emanaldi osoa ikusgai. Sorta hau 5:50 minututik aurrera dator.