5.Urratsa / 1.Ikasturtea

Audioan entzungai dugun puntutako saioan, bertso saio "historiko" haren elementuak agertzen zaizkigu: Parisen saio hark zuen esanahia eta publikoaren lehertu beharra; bertsolariek korbata jantzita zuten itxura; bertso saioa grabatua zela.
Lepoko korbatak soilik ez zituen estutuko lau bertsolariak: parean zituzten magnetofoiek ere izango zuten eraginik. Saioak oihartzun mediatiko itzela izan zuen: Radio Nacional de Españak, Frantziako irrati publikoak eta Ingalaterra nahiz Alemaniako irratiek eman zuten saioaren berri. Parisera joandako bertsolariak telebistan ere atera ziren, Frantziako telebista publikoko “Tele-Paris” programan (euskaratik frantseserako itzultzaile eta guzti) eta Alemaniako Telebista publikoan.
Iturria: Antxoka Agirre - "[Perlak] Bertsolariak Parisen, 1958" - 2022-01-26 Bertsolari Aldizkaria.
Iturria: Antxoka Agirre - "[Perlak] Bertsolariak Parisen, 1958" - 2022-01-26 Bertsolari Aldizkaria.
Teodoro Hernandorenak Frankismo garaian bertsolaritza hauspotzeko egindako lana ikusgarria izan zen. Gerra galduta mugaz beste aldera jo zuen ihesi eta, aktibista petoa izanik, bertsolaritza sustatzen jardun zuen.
Iparraldean ez zela bertsolaririk esan zioten eta, detektibe baten pare, bila aritu zen herriz herri eta auzoz auzo; ahoz aho jasotzen zituen erreferentziei segiz, Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberuako zoko-mokoak miatu zituen, 16 bertsolari elkartzeraino 1946an lehen aldiz Donibane Lohitzunen egin zen bertsolarien bilkuran. Tartean ziren, artean ezezagunak ziren Mattin eta Xalbador ere.
1946tik aurrera urtero txapelketak antolatzeari ekin zion, ahal izan bezain laster Hegoaldeko bertsolariak ere ekarriz.
Bere ekarpenaren gailurra 1958an Parisen Euskal Etxean antolatutako saioa izan zen. Gailurra, bertsolarien inguruan bildu zituen akademiko eta figura garrantzitsuengatik, baina, batez ere, hedabideetan lortu zuen oihartzunagatik.
60. hamarkadan ere jarraitu zuen jaialdi ederrak antolatzen. Bertsolariak bikoteka zein hirukoteka lehiatzen ere jarri izan zituen, taldeak herrialdeen ordezkari zirela.
Hernandorenak bertsolariak bilatzen, saio erreferenteak antolatzen eta bertsolaritzari oihartzun mediatikoa ematen sekulako ahalegina egin zuen.
Baionako Mediatekak, Bilketa Euskal funtsen atarian eskaintzen duen informazioaren arabera, saioaren amaieran sari bat baino gehiago banatu zituzten (irabazle ezberdinak izan ziren). Baina puntuei zegokien sailkapenean Basarri izan zen nagusi, doi-doi Mattinen aurretik: 506 puntu jaso zituen Basarrik, 503 Mattinek. Xalbadorrek eta Uztapidek berdinduta bukatu zuten, hirugarren postuan.
Sari ederrak banatu ziren orduko hartan ere, Mexikotik Martin Gartzia Urteagak egiten zuen ekarpenari esker. Teodoro Hernandorenaren hitzetan, "bertsolariak aunitz maite" zituen Martin Gartziak; "maite bakarrik ez, eta lagundu" ere egiten zituen (Teodoro Hernandorenak 1969an Parisko Euskal Etxean antolatutako lehiaketan, sari banaketan, Martin Gartziarentzat esandako esker hitzak izan ziren hoiek).
Baionako Mediatekak, Bilketa Euskal funtsen atarian eskuragarri jarria du Parisko bertsolari lehiaketako finala. Saioari buruzko informazioaz gain, audioak bertsoaldika entzuteko aukera eskaintzen du.
Hona ekarri dugun audioa, bertatik hartua da.
Bertsolariek finaleko saio hartan birritan jardun zuten puntutan (saioaren une ezberdinetan). Audio honetan puntukako bi bertsoaldiak lotu ditugu (Pariseko bertso txapelketa - 17 - Punttuka, launaka eta Pariseko bertso txapelketa - 36 - Punttuka launaka audioak).