Maizterrak orain arte 80 duro ordaindu du etxeko errenta. Nagusia etorri zaio esanaz, etxea saltzera doazela eta 5.000 duro balio dituela, "nahi bazenduke erosi". Txirritak bere garaiko etxegabetze egoera bat ekarri zuen bertsotara; 1932an argitaratu zuen "Bertsolariya" aldizkarian.
1.
Nagusia
Orain artean ni izandu naiz aitona, zure nagusi errenta txintxo pagatu dezu zere kapoi eta guzi zu baino gizon umilaguak ez ditut asko ikusi orain etxea saltzera goaz nahi bazenduke erosi.
2.
Nagusia
Larogei duro zuen errenta etxeak orain artian zedorrek hala pagatu dezu berrogeita hamar urtian lehengoan bertan gelditutzia ez da neretzat kaltian bost milla duro balio ditu ea konpondu gaitian.
3.
Maizterra
Zer familia izandu degun jauna nahi al du aditu? Hamabi haurren aita naiz ni ta semiak hamar baditu lan egiteko inor gutxi ta mahaiean ezin kabitu baneukake non enpleatua bost milla duro banitu.
4.
Narratzailea / Nagusia
Hau aditu ta beste aldera bueltatu zen nagusiya esanaz “Nik zer kulpa dadukat zuk ume asko haziya ez dezu asko ixtimatzen nik egin dizudan graziya zuek hartu nahi ez badezute bada zeinek erosiya”.
5.
Maizterra
Eskerrik asko, nagusi jauna pakian bihaugu bizi baina hizketan bukatu arte ez bedi joan igesi klaro dabilen gizonak ez du arrazoi txarrik merezi nahi duenari saldu bezaio guk ez gentzake erosi.
6.
Maizterra
Aziendaz ta lan-erremintaz bagenedukan indarra haiekin ere ez degu orain oso alderdi ederra zazpi balio luteken gauzak bostean eman beharra hau pentsatzian etortzen zaigu begietara negarra.
7.
Maizterra
Hamabi lagun mahaiean bueltan juntatzen gera jateko gehienaz ere haietatik bost irabazira joateko pazientziya hartuko banu hanbat ez nuke kalteko Jaungoikuari eska zaiogun osasuna emateko.
8.
Maizterra
Prezisamente martxatu bihaugu baserri edo kalera norbaiti egin beharko zaio bizilekuen galdera esplikatuaz nola izan den fameliyaren galera gure Jainkuak nahi duen arte nonbait mantenduko al gera!
Kantuan Xabier Lete dugu entzungai, historiako bertsolariei eskaini zien "Berrehun urtez bertsotan" antologia mardulean, "Txirrita 2" diskoan.