Hasteko, "Galdu eta irabazi" sorta abestuko dugu. Kirol lehiari buruz bertso sorta hau jarri zuen Iñaki Artolak, bere bertso eskolako ikasleekin abesteko.
Behin sorta abestuta, elkarrizketan ariko gara sortak ematen dituen mezuei buruz. Izango dugu zer esana, lehiaz!
Bukatzeko, elkarrizketatik kantu-elkarrizketara pasako gara: sortaren doinu berean ariko gara, 8ko txikian puntutan, gai berari tiraka (kirol lehiaz). Lehenik, Artolak sortan erabilitako oinak (4koteak) zerrendatuko ditugu, eta oin zerrendak luzatzen saiatuko gara: ea zenbat oin ekartzeko gai garen! Behin oin zerrendak aterata, puntutan ariko gara, "Urxo xuri pollit bat" doinuaz.
-Sortan, bertso bakoitzak mezu bat dakar, norgehiagokaz. Zein da gutako bakoitzari gehien gustatu zaion bertsoa? Zergatik?
-Galtzeari buruz, hala dio Artolak: "mingarria da baina / ez da beti txarra". Bidean, zertan lagundu dezake galtzeak?
-Sortan egoera ezberdinak azaltzen dira, lehiakideen arteko harremanei buruz: errua bikoteari botatzea, garaipena "gandorra igota" ospatzea... Guri ere gertatu al zaizkigu antzeko egoerak? Zein dira gogoan ditugun gertaerak?
-Gustatzen al zaigu kirolean lehiatzea? Zergatik?
-Lehiak, kiroletik kanpo, mesede gutxi egiten duela dio 11. bertsoak. Eguneroko bizitzan, gure artean, zein gaietan nabari dugu lehian sartzen garela, besteak baino hobea izan nahian? Besteekiko konparaketak eta gailendu nahiak, on edo kalte egiten digu?