1.Urratsa / 1.Ikasturtea
Bertso sorta entzunda, izango dugu gelan zertaz hitz egina, lehiari buruz... Goza dezagun gure arteko elkarrizketaz!
Solasaldirako gaiak
-Bertso bakoitzak mezu bat dakar, norgehiagokaz. Zein da gutako bakoitzari gehien gustatu zaion bertsoa? Zergatik?
-Galtzeari buruz, hala dio Artolak: "mingarria da baina / ez da beti txarra". Bidean, zertan lagundu dezake galtzeak?
-Sortan egoera ezberdinak azaltzen dira, lehiakideen arteko harremanei buruz: errua bikoteari botatzea, garaipena "gandorra igota" ospatzea... Guri ere gertatu al zaizkigu antzeko egoerak? Zein dira gogoan ditugun gertaerak?
-Gustatzen al zaigu kirolean lehiatzea? Zergatik?
-Lehiak, kiroletik kanpo, mesede gutxi egiten duela dio 11. bertsoak. Eguneroko bizitzan, gure artean, zein gaietan nabari dugu lehian sartzen garela, besteak baino hobea izan nahian? Besteekiko konparaketak eta gailendu nahiak, on edo kalte egiten digu?
Errematatzera joan eta... txapa!
Bertso sortan behin jo du pilotak txapan. Akatsak ere bidearen parte direnez eta ikasteko balio dutenez, sorta halaxe uztea erabaki du Iñakik: txapa hots eta guzti. Gure belarriak antzeman al du?
Argian Estitxu Eizagirrek lehiari buruz elkarrizketa hau egin zien Iñaki Artola eta Jokin Altuna pilotariei. Irabazteaz eta galtzeaz izandako solasaldi honetxek piztuta jarri zuen gero Artolak bertso sorta, Alegiko bere bertso eskolako ikasleekin abesteko.
Hitzetik Hortzera telebista saioan Mirari Martiarenak eginiko elkarrizketa hemen ikusgai, pilotariak bertsolaritzarekin duen harremanaz. Herriko bertso eskolako irakaslea ere bada Iñaki.