Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

117 herri, 1.796 kide, 112 irakasle

2020-02-05


Datu bilketa egin du Bertsozale Elkarteak, bertso-eskoletako arduradunek emandako informazioari esker. Hara zenbakiek zer dioten 2019-2020 ikasturteaz.

 

Bertso-eskolei buruzko datu orokorrak

Osasun ona adierazten dute, oro har, Bertsozale Elkarteak 2019-2020 ikasturtean bertso-eskolengandik jasotako datuek:

1.796 lagun elkartzen dira 117 herritako bertso-eskoletan beren zaletasuna partekatzeko.

Belaunaldi batetik bestera partekatzen den zaletasuna da gainera, 1.300 bat haur eta 430 heldu inguru elkartzen baititu; eta horretarako 112 irakasle aritzen dira lanean. 

Euskal Herri mailako datuak dira hauek; lurralde bakoitzeko egoeraren irakurketa egin beharko da orain, tokian tokiko estrategiak diseinatzeko.

Orokorrean zenbakiak osasuntsuak diren arren, etxeko lanak non dauden antzematen ere laguntzen dute datuok. Alderdi horietako bat, datuetan ikus daitekeenez, generoaren esparruan dago.  

 

Azpimarratzekoak

Oihana Iguaranek, Bertsozale Elkarteko Transmisio saileko arduradunak, bertso-eskolei buruz gaur nabarmentzekoak diren zertzeladak azaldu dizkigu.

 

 

Partaideak adinaren eta generoaren arabera

Emakume/gizonen parte-hartzea ezberdina da adinaren arabera. 

Partaide guztiak hartuta (1.796), emakume eta gizonen kopuruak orekatuak dira (%49 emakumeak, %51 gizonak). 

Haurren taldeak hartuz gero (18 urtez beherakoak), 1.293 haurretatik %56 dira neskak eta %44 mutilak. 

Helduen taldeetan, 430 kidetatik %30 dira emakumeak eta %70 gizonak.

 

  

 

 

Emakume/gizonen bilakaera, adinean aurrera egin ahala

Haurren taldeetan 1.293 partaide elkartzen dira bertso-eskoletan; helduen taldeetan, aldiz, 430 kide. Esan genezake umetan bertso-eskolan ibili izan direnen artean, helduaroan %33-ak jarraitzen duela. 

Nesken kasuan, helduen taldeetan %18-ak jarraitzen du. 

Mutilen kasuan, %52-ak jarraitzen du helduen taldeetan.

 

 

Helduen bertso-eskoletan emakume eta gizonen kopuruen artean dagoen arrakala bistaratzen duten datuak dira. Zenbakion atzean dauden errealitateak ulertzeko azterketa kualitatiboak beharko dira, datuok galdera asko pizten baitituzte: zergatik uzten duten emakume helduek bertso-eskola; bertso-eskolan elkartzeari utziagatik, bertso munduan jarraitzen duten ala ez (eta zaletasunari heldutasunean nola eta zein guneren bidez ematen dieten jarraipena); edota bertso-eskoletako ohiko dinamiketan zer eraldatu genezakeen, emakumeen parte-hartzea sustatzeko.

 

Emakumeen partaidetza irakasle rolean

Generoaren beste arrakala bat irakasle funtzioan dago: 112 irakasleetatik emakumeak %19 dira. 

 

 

 

Talde motak

Taldearen jardunari erreparatuta, izaera anitzeko taldeak daude.

Gehienak, bat-batean trebatzen ari direnak (125 talde) eta hasiberrien taldeak (87) dira. Bat-batean erraz egiten dute 29 taldetan. Txapelketa prestatzeko helburuaz elkartzen dira 6 talde.

 

 

Askotariko taldeak daude beraz, funtzioaren eta bertso mailaren arabera. Ondorioz, irakasleek dituzten behar anitzei erantzuteko moduak fintzea ere izango da begia jarri beharreko beste gai bat. 

 

Bertso-eskoletako irakasleak

Euskal Herrian 112 irakasle ari dira 238 taldetako saioak bideratzen; aldiz, irakaslerik gabe jarduten duten taldeak %8 dira.

 

 

Helduen taldeetan, %65-ak jarduten du irakasleak gidatuta, eta %35-ak irakaslerik gabe.

 

 

Irakaslearekin jarduten duten talde guztiak hartuta (238 talde), %78 kasutan irakasleak lan kontratua du. Gehienetan Bertsozale Elkarteak kontratatzen du irakaslea (%74 kasutan); hurrengo kontratatzaile nagusiak Euskara/Kultura Elkarteak dira (%12 kasutan).

 

 

 

Haurren taldeen elkarguneak

Haurren taldeei dagokienez, erdiak (%48ak) ikastetxeetan ematen dituzte bertso-eskolak, eta beste erdiak (%52ak) ikastetxez kanpo.

 

 

Datuak lau urtero berritzeko asmoz

Bildutako datuak 2019-2020 ikasturtekoak dira, eta bertso-eskoletako arduradunek betetako galdetegiei esker lortu ditugu. Bertsozale Elkarteak Euskal Herriko Unibertsitatearekin duen elkarlanari esker gauzatu ahal izan dugu datu bilketa, horretarako, taldean, Gizarte Antropologia Graduko ikasle bat izan baitugu lankide.

Bertso-eskolengandik jasotako datu guztiak Xenpelar Dokumentazio Zentroaren datu-basean gorde dira. Informazioa konfidentzialtasunez zainduko dugu eta datu orokorrak ikerketarako baliatuko dira. Lau urtetik behin berritzea da xedea, mugimenduaren bilakaera ezagutzeko.

Gure eskerrik beroenak partaide izan zareten guztioi!

 

Bertso-eskolen mapa

Herriz herri, bertso-eskola bakoitzaren berri jakiteko mapa hementxe dugu. 

Iturria: bertsoeskola.eus