Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Argitalpen, solasaldi, emanaldi ugari bertsoaz

2019-12-02


Bertsolaritza eta feminismoaz bi solasaldi izango dira. Kultur sorkuntzen dokumentazioaz mahai-ingurua antolatu du Xenpelar Dokumentazio Zentroak.

 

"ENKARGUZ" TAILERRA

 

Andoni Egaña bertsolariak, Xabier Zabala musikariak eta ikus-entzunezkoetan aritzen den Alberto de Abajok, tailer parte-hartzailea eskainiko diete ikasleei (*aurrez izena emanda dauden ikastetxeak bertaratuko dira). Kantu bat sortzeko prozesuaren parte izango da publikoa, pantailaren laguntzaz, sormen prozesuaren urratsak argiago jarraituz.

Ahotsenea Zuzenekoak gunean izango da tailerra, ostegunean (abenduak 5), 11:00etatik 13:00etara. 

 

"ERRIMAK BI OINETAN" EMANALDIA - bertsoa eta dantza

 

Ahatik Dantza Taldearen emanaldi dibertigarriaz goza genezake, doinuak, bertsoak eta dantza lotzen dituen ikuskizunaz.

Abenduaren 8an izango da (igandea), Szenatokia gunean, 11:45etik 12:15etara. 

 

BERTSOZALE ELKARTEAREN POSTUA: GOIENKALE 40

Bertsozale Elkartearen eta Lanku Kultur Zerbitzuen postuan, bertsolaritzari buruzko liburuak eta ikus-entzunezkoak topatuko ditugu. Baita Gipuzkoako Txapelketa finalerako sarrerak ere.  

Labetik atera berri diren ekoizpenen artean, hauek nabarmenduko zaizkigu:

Houston, arazo txiki bat daukagu! CD-Booka, 1999an Andoni Egañak bakarka egin zuen bertso saio gogoangarria jasotzen duena, Joxerra Garzia gai-jartzaile zuela; eta Bertsoaren harria, Koldo Izagirrek ondutako liburua, historiako 21 bertsolari ekarriko dizkiguna irudiz, bertsoz, gogoetez, istorioz eta fikzioz. 

Bi egileak, Andoni Egaña eta Koldo Izagirre, postuan bertan izango dira abenduaren 6an, 7an eta 8an, irakurleekin solastu eta argitalpenak sinatzeko.  

EHUk argitaratuko duen Kultura ez da bat-batekoa argitalpena ere topatuko dugu postuan. Bertsozale Elkarteak eskatu eta Mintzola Ahozko Lantegiak bideratutako Bertsozaletasunaren Ikerketa Soziologikoaren inguruko liburua da. Ikerketa EHUko ikertzaileen bitartez eta inkestatzaile aritu zen Bertsozale Elkarteko borondatezko talde mardularen bidez gauzatu da, eta emaitzekin eta bestelako elkarrizketa sakonagoekin irakurketa egin dute Alfredo Retortillo, Xabier Aierdi eta Harkaitz Zubiri ikertzaileek; azken honek ondu du azken testua.

 

Azokan eskura izango dugun beste argitalpen berri bat, Miren Artetxek eta Ane Labakak argitaratutako Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen liburua da. Iaz UEUn egindako Bertsolaritza genero ikuspegitik jardunaldietako ekarpenak zein gaiarekin lotura duten beste zenbait gogoeta biltzen ditu. UEUren postuan egongo da salgai (Barrenkale 32).

 

LIBURU AURKEZPENAK, SOLASALDIAK, MAHAI-INGURUAK

 

Abenduak 6, 17:00etan Areto Nagusian: Kultura ez da bat-batekoa. Harkaitz Zubiri, Xabier Alberdi eta Alfredo Retortillo. 

Abenduak 6, 17:30etan Ahotsenea Solasaldiak: Bertsoaren Harria. Koldo Izagirre. 

Abenduak 7, 17:00etan Areto Nagusian: Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen. Miren Artetxe eta Ane Labaka. 

Abenduak 8, 13:00etan Areto Nagusian: Kultur sorkuntzen dokumentazioa, etorkizunerako apustua mahai-ingurua. Xenpelar Dokumentazio Zentroak antolatuta.

Abenduak 8, 18:30etan Ahotsenea Solasaldiak: Kontrako eztarritik. Uxue Alberdi.

 



 

Iturria: bertsoeskola.eus